Ttikitatik parte hartu izan dute Iruritako bestetan dantzari bezala. «Gogoan dugu emanaldiaren aitzinetik izaten genuen urduritasuna, dantza ongi ateratzea nahi genuelakoz, baina aldi berean lotsa izaten genuelakoz, familiako kideak guri begira zeuden eta». Horrez gain, «oroitzapen politak ekartzen dizkigute ere barrakek eta haurren eguneko joko eta koltxonetek».
Gaur egun, berriz, «besten lehenbiziko eguna» dute gustukoen. «Urte osoan egun hau ailegatzeko irrikitan egoten gara eta giro polita sortzen da bai txupinazoan eta baita zopetan ere». Ortziralea ere gustuko eguna dute, «gazteen eguna delakoz. Egun horretako bazkaria eta elektrotxaranga dira gehien motibatzen gaituztenak».
Antolaketa lanetan
Besta egiteko, lehenik dena antolatu behar da, eta horretan ari dira aurten bi neskak. «Joan den urtekoek, bi urteak beteta, kargua utzi zuten eta jendea sartzeko beharra zegoenez, boluntario gisa animatu ginen». Baina ez dira bakarrak, izan ere, «zortzi dominausietatik (danbolin nagusi) zazpi aurten hasi gara. Ardurak denon artean hartzen ditugu, ez dugu arlo bakoitzeko pertsona bat egokitzen. Poliki-poiliki aitzinera goaz, gustura, gogotsu eta ilusio haundiarekin».
Aitortu dutenez, «uste genuena baino lan gehiago du. Ez da bakarrik egitaraua sortzea, horren gibelean herri osoaren lana dago: zopak eta zikiroa prestatzea, karpa eta kioskoa muntatzea…». Hala ere, «talde berriarekin gustura gaude, parte hartze aktiboa dugu denok eta horrek lanak errazten dizkigu».
Egitarauari dagokionez, «joan den urteko formatu bera segituko dugu, ez da berrikuntza haundirik egonen. Kontuan hartu behar da berriki sartu garela, oraindik ez dugu dinamika behar bezala barneratu, beraz, pasa den urtekoei begira antolatuko ditugu bestak. Ea hurrengo urtean horri buelta ematea lortzen dugun!».
Plazara dantzara
Iruritan zerbait nabarmentzen bada, hori dantza da. Eta noski, Elizainzin eta Eugi ere dantzariak dira: «lau urterekin hasi ginen eta 12 urte genituenean utzi genion bestetan dantzatzeari. Baina ez genuen dantza utzi, bertze dantza batzuk egitera pasatu ginen, bertze irakasle batekin. Eta gaur egun horretan segitzen dugu».
Hala ere, bestetan dantzatzea atzenduko ez duten esperientzia izan zen. «Lehen erran bezala, urduri ateratzen ginen, ikasitakoa erakusteko irrikitan. Erranen genuke esperientzia xarmanta dela Salbatore egunean herriko haurrek emanaldia egitea. Gibeletik prestakuntza haundia du, astean behin ordu bat eskaintzen diotelakoz dantzari, eskolaz kanpoko jarduera gisa».
Azkenik, «eskerrak eman nahi dizkiegu bestak aitzinera egiteko laguntzen diguten herritar guziei, baita bestetan laguntzen egoten direnei ere; karpa garbitzen, bazkaria prestatzen… denon arteko laguntza hau gabe, bestek ez lukete aitzinera eginen». Horrez gain, «jendea etortzera animatu nahi dugu, lehenbiziko bestak direnez, motorrak berotzen hasteko udari begira!».