Errugbiaren Gaupasa eginen du BRTk larunbatean Larraintzarren

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 10a, 12:30

Arratsaldean abiatuko da besta eta goizaldera arte luzatuko da egitaraua. Bueltatzeko autobusak ere antolatu dituzte

BRTk XX. Errugbiaren Gaupasa antolatu du larunbatean, apirilaren 13an, Larraintzarreko ikastetxeko zelaian. 15:00etan hasiko da egitaraua Rugby Seven txapelketarekin eta sei talde lehiatuko dira: Arizkun, Txingudi, Saizaharrak, BRT Neskak, BRT Zaharrak eta Los Boludos. Txapelketa egin bitartean, haurrek BRT Zirkuan parte hartzeko aukera izanen dute 16:00etatik 17:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara puzgarriak eta jokoak izanen dira. 18:45ean, berriz, Rugby Seveneko finala jokatuko dute. Tuku-tuku txarangak girotuko du arratsaldea eta ostatua ere izanen da.

Egitarauarekin segitzeko, ilunabarrean bokatak erosteko aukera izanen da eta zozketa eginen dute. Zozketa eginda kontzertuak hasiko dira eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak irekiko du gaualdia 20:30etik aitzinera. Ondotik, Bizphiru Pelau eta Kapitan General DJa izanen dira oholtzaren gainean argitu arte. Besta luzatu nahi dutenek DJ Sahi izanen dute 07:00etan kanpoaldean.

Gaupasatik bueltatzeko autobusak izanen dira Iruñerat eta Elizondorat. Bi autobus izanen dira norabide bakoitzera, lehenbizikoa kontzertuen ondotik eta bigarrena besta akitzean. Elizondora doan busak Donezteben eginen du geldialdia eta 00:30ean eta 06:00etan abiatuko da. Iruñerat joateko, berriz, 02:30ean eta 08:00etan. Bus guzietako tiketak leihatilan izanen dira salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun