ASIER ARRETXEA BIDEGAIN ETA MARKEL ADIN BIDEGAIN

«BRTren baloreak erakusteko egiten dugu Errugbiaren gaupasa»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 6a, 09:00

Asier Arretxea eta Markel Adin

BRT Menditarrak taldeak Errugbiaren gaupasa antolatu du bertze behin, apirilaren 13an Larraintzarren. Baina edizio berezia izanen da aurtengoa, bestaren XX. urteurrena izanen baita. Taldearen egoeraz eta gaupasaren bilakaeraz mintzatu dira Asier Arretxea Ankaxuri eta Markel Adin. Arretxeak 19 urteko ibilbidea du errugbian, eta aurten utzi du taldea lesio baten ondorioz. Adin, berriz, 15 urterekin hasi zen eta nesken entrenatzailea da orain.

Nola ikusten duzue BRT?

Senior taldea garai onean dagoela erranen genuke, talde gaztea da eta indartsu bezain gogotsu gaude. Baina beheko kategorietan jendez arras estu gabiltza eta ondoko urteetan ez bada inor animatzen, arazoak izanen ditugu senior taldea osatzeko. Taldea osasuntsu egon arren, ezin gara erlaxatu etorkizunera begira, beraz, jakin-mina duena ez dadila probatu gabe gelditu!

Zenbat jokalari dituzue guztira?

Osotara 80 jokalari inguru izanen gara, modu honetan banatuak: 34 senior, 15 neska, 16 urtez azpiko hamar jokalari eta 14 urtez azpiko sei. Azken biak Txingudi Rugbyrekin jokatzen dute, eta elkarrekin entrenatzen dira Baztanen. Errugbi eskola ere badugu, 9-12 urte bitarteko 12 bat jokalarirekin. Erran bezala, arras juxtu ibiliko gara ondoko denboraldietan, beheititik ez baitzaigu lagun aunitzik etorriko.

Taldeari laguntzeko hain zuzen hasi zineten Errugbiaren gaupasa antolatzen. Noiz sortu zen?

Gaupasa duela 20 urte hasi zen, 2004an. Dirua ateratzeko intentzioarekin egin zen, eta Larraintzarren egitea erabaki zen Baztanen ez baitzegoen gaupasarako ohiturarik. Danoneren itxiera zela eta, gaupasaren bat egina zen bertan aitzinetik, eta horrek animatu gintuen pausoa ematera. Baztanen ere saiatu ginen garagardo besta bat egiten, baino ez genituen helburuak bete, ez zuen funtzionatu. Beraz, gaupasarekin aitzinerat segitu genuen eta aurten ere horrela eginen dugu.

«Taldea indartsu dago baina jende gaztea behar dugu»

Aunitz aldatu da hasiera hartatik?

Bai, hasmentan zikiro afaria egin eta ondotik besta izaten zen, baina pandemia ondoko neurriekin zikiro afaria kendu eta bokata jatea paratu genuen afaltzeko. Gainera, hasieran karpa bat paratzen zen frontoiaren kanpoaldean, gero egitaraua barnean bakarrik paratzea erabaki genuen, eta aurten, berriz ere, kanpoaldean izanen ditugu kontzertuak. Egitarauari dagokionez, azken urteetan arratsaldetik hasten gara partida batzuekin, haurren errugbiarekin, BRT Zirkuarekin… Horrez gain, duela gutti arte ez zegoen erasoen kontrako protokolorik eta azken urteetan martxan paratu dugu, Ultzamako Udalaren eskutik. Burura etortzen ez zaizkigun bertze hainbat aldaketa izanen dira, beraz, erran daiteke gaupasa dezente aldatu dela.

Dirua biltzeaz gain, errugbia sustatzeko ere balio du, ez?

Bai, doike! Taldea ekonomikoki aitzinera ateratzeko diru sarrerarik garrantzitsuena da gaupada eta horretarako egiten da, baina bertze gauza batzuetarako ere aprobetxatzen dugu. Errugbiaren promozioa egiten dugu, taldea handitzeko eta jende gehiagorengana ailegatzeko. Bertzalde, jendeari gure kirola erakutsi nahi diogu, hau ez dela bertze kirolak bezalakoa; lagun arteko kirola dela. BRTn, bakoitza bere etxetik etorri arren, betiko lagunak bagina bezala tratatzen diogu elkarri. Gure baloreak erakutsi nahi ditugu: auzolana, indarra eta ohorea. Gaupasa bera ere auzolanean antolatzen dugu.

XX. urteurrena duzue aurten. Hainbertze edizio egitea espero zenuten?

Ezetz erranen genuke. Urtez urte ibiltzen gara hori antolatzen eta bat-batean konturatu gara hau hogeigarren urteurrena dugula. Zoragarria da ikustea taldean auzolana 20 urtez bizirik mantentzea lortu dugula arazorik gabe, eta horrela izan dadila amaierara arte!

Lan handia da antolaketa?

Horrelako besta bat antolatzeak denbora, lana eta buruko min haundia suposatzen du, eta horrenbertze urtez egitea ez da erraza. Jende aunitz behar da lanean modu desinteresatuan dena ongi atera dadin. Klubak erantzukizun handia dauka edozein gertaeraren aurrean, hortaz, aitzineko lanaz gain, egunean bertan ere adi egon behar dugu inork ez dezan ezbeharrik eragin. Besta hau ongi pasatzeko eta lagunak egiteko antolatzen dugu, hortaz, etortzen direnei gure eskaera urtero-urtero arduraz jokatzea izaten da.

«Zoragarria da auzolana 20 urtez bizirik mantendu izana»

Zer prestatu duzue aurtengo bestarako?

Taldeak apustu garrantzitsua egin du ekonomikoki, Los Zopilotes Txirriaos taldea ekarriko baitugu. Berrikuntza aldetik ez da deus berri-berririk izanen, baina aurten kanpoan eginen dira kontzertuak, ekitaldi berezi bat izanen da eta besta arratsaldetik hasiko da. Tuku-tuku txarangak irekiko du egitaraua, Seven partiduak girotuak egon daitezen. Eskerrak eman nahi dizkiogu Tuku-tukuri, apustu ekonomiko hau ttikiagoa egiteagatik. Esker mila!

Zozketa ere eginen duzue, ezta?

Bai, aurten ere zozketa izanen dugu. Orain arte Eguberrietan egiten genuen, baina duela urte pare bat ikusi genuen gaupasan harrera hobea izaten duela, horregatik erabaki genuen aldatzea. Jendeak erantzun arras ona ematen dio: 10.000 txartel inguru saltzen ditugu eta hori ez da zortea edo kasualitatea. Zozketarekin ere lan handia izaten dugu, sari potoloak direlakoz nagusiak, eta bigarrenak ere ez direlakoz edonolakoak. Baztan eta Ultzamaldeko produktuak jaso eta loteak egiten ditugu; bertako merkataritza bultzatuz kontzientzia pixka bat sortzera bidean.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Jendea hurbiltzera animatu nahi dugu. Ongi pasatu baina beti arduraz jokatuz. Gaupasa hau ez da bertzeak bezalakoa; gaupasa honek balore potoloak ditu eta 1978tik bizirik dirauen talde bat biziarazten du, auzolanetik, errespetutik eta ohoretik. Gaupasan edozein eraso ikusi edo jasaten duen edozeinek izanen du salatzeko eskubidea, eta aitzinerago argitaratuko ditugu protokoloaren nondik norakoak. Bide batez, erranen dugu ez direla eraso matxista, arrazista eta homofoborik onartuko, ezta inongo eraso motarik ere. Ez badakizue egoten, nahiago dugu zuen etxeetan gelditzen bazarete. Akitzeko, apirilaren 13an ikusiko dugu elkar Larraintzarren, bitartean, informazio ugari izanen duzue gure Instragram eta Twitterrean. Gaupasara arte!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun