Mugari buruzko Mugalur proiektuko jardunaldia eginen dute larunbatean Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 10a, 09:00
Mugalur proiektuan parte hartu duten hainbat herritar Urepelen egindako saioan. Argazkia: Aitzpea Leizaola.

Mugaldeko herritarrek mugarekin duten harremana aztertzeko asmoz Mugalur proiektua garatzen ari dira Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua, Cederna Garalur eta EHU. Herritarrek mugaren inguruan duten pertzepzioari buruz ariko dira solasean larunbatean Amaiurren Otsondo elkartean 10:30ean. Baztango, Baigorriko, Bidarraiko, Itsasuko eta Ezpeletako jendea gonbidatu dute saiora. Izen ematea hemen egin behar da.

Bi lurralde bereizten dituen marra. Hala definitzen du Euskaltzaindiak muga hitza. Eta muga kontzeptua hartuta ari da garatzen Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua, Cederna Garalur garapen agentziarekin eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera Mugalur proiektua. Mugaren inguruan bizi diren herritarrek mugarekin duten harremanaren inguruan hausnartzea da proiektuaren funtsa, eta Euroeskualdeak finantzatu du.

Hainbat bilgune sortu dituzte mugaren bi aldeetako herritarrak elkartu eta hausnarketara bideratzeko. Bederatzi bilgune eginen dituzte denera, eta horietako bortz iraganak dira, tartean Beran eta Saran egindakoak. Bertze lau egitea falta du proiektuak, eta Amaiurren izanen da horietako bat, apirilaren 13an, larunbata, 10:30ean. Mugako herrietan izanen dira ia denak eta azken biak mugaldetik urrunago diren eremuetako herritarrekin egin nahi dituzte.

Mugak irekita «harreman gutxiago»

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko langile Elena Casiriain da proiektuaren arduraduna, eta doktoretza tesia osatzen ari da antropologian. Mugalurrek hiru helburu dituela azaldu du: «Alde batetik, herritarrak mugaren kontzeptuaren bueltan hausnartzen jartzea, bestetik, mugaz gaindiko lan harremanez gain, bestelako harremanak ere badirela erakustea, eta geroari buruz hausnartzea».

Mugari buruz hausnartzeko herritarrak elkartu dituzte

Proiektuaren abiapuntua zein den azaldu du: «Garapen Kontseiluan ohartu ginen muga ireki denetik eta mugitzeko arazo gutxiago dugunetik harremanak ari direla urruntzen, bertze moduz batez bizitzen dugula muga hori». Are gehiago, mugaren bi aldeetako herritarren arteko harremanak gutxitzeaz gain, mugaren inguruko norberaren bizipenak desberdinak direla dio: «Ez da gauza bera Hendaian edo Irunen bizitzea, edo Santa Engrazin eta Izaban; euskalduna izatea edo ez, familia izatea mugaren aldean edo ez… Ez dugu errealitate berdina bizi».

Horregatik errealitate hori da bildu nahi dutena, mugaldeko herritarrek nola bizi duten hori, egunerokoan eraginik baduen edo ez… «Badugu muga politiko bat Euskal Herriaren baitan, eta ikusi nahi dugu nola bizi garen, zer eragin sortzen duen muga horrek guru bizietan, eta horretaz gogoetatzeko espazio bat sortu nahi dugu».

Parte hartzaileetako batek tailerretako batean osatutako mapa. Argazkia: Ximun Carrère.

Bost saio egin dituzte orain arte: Urepelen, Orbaitzetan, Izaban, Beran eta Saran. Helburua bilkura horietarako bakoitzera mugaz bi aldeetako jendea elkartzea izan da eta orain arte denera 84 lagunek hartu dute parte proiektuan. Egindakoaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Casiriainek azaldu duenez, orain arteko bilguneetara bereziki mugarekin harremana edo interesa duten herritarrak hurbildu dira, baina, azaldu du edonor hurbildu daitekeela, baita harremanik ez duena ere: «bere bizipena eskuratzea biziki gauza aberatsa da».

Nolakoak dira saioak?

Saio bakoitzean bi orduz elkartzen dira, eta mapak izaten dira ardatza. Muga markatua ez duen mapa horietan, parte hartzaileei habitatzen duten eremua markatzeko eskatzen diete: lana non egiten duten, non duten familia, aisialdia, erosketak, sentimentalki zein herrirekin dauden lotuta… Horren denaren helburua «bizitza eremua» irudikatzea da. Behin hori eginda, muga kontzeptuari buruz aritzen dira; mapan non kokatuko luketen, nola materializatzen den… Egindako mapa hori taldean lantzea izaten da hurrengo urratsa, bakoitzak berea aurkeztuz eta zein bertzeari buruz mintzatuz.

Muga euskaldunen auzia dela ikusi dute saioetan

Maparen lehenengo zatia bukatuta, horren gainean kalkoa ezartzen dute, eta bertan, bere mapan aldatu nahi duen hori adierazten dute, bere ametsetako bizi eremua zein litzatekeen zehaztuz, eta hori ere taldekideen artean aipatzen dute. Maparekin bukatzeko, bakoitzak asmo duen hori egiteko konpromisoak idazten ditu. Bigarren zatian aldiz, parte hartzaile bakoitzak arbola bat osatzen du ondorengo ideiekin: zer gehiago egin behar dugu, zer gutxiago, zer hasi behar dugu egiten, zer gelditu egiten eta zertan segitu berdin. Bukatzeko pintxo bat bat ematen dute jateko, «eta horrek ere badu inportantzia guretzat, saiatzen garelako biltzen bi aldeetako jendea eta sortzen sozializatzeko espazio bat», azaldu du.

Parte hartzaileetako bat jardunaldietako batean. Argazkia: Ximun Carrère.

Herritarren bizipenak biltzeaz harago, saio guztietara gonbidatzen dituzte ilustratzaileak, bertan bildutako gogoetak paperean islatzeko. «Mugaren errealitatea biziki subjektiboa da, badu alde emozional bat, eta arteak laguntzen ahal digu horretan», dio Casiriainek. Ilustrazioak egiteko «libre» uzten dituzte sortzaileak, bai moduan eta baita denboran ere. Bertaratzen diren artistek, batzuek saioan berean bukatzen dute lana, eta bertzeek, aldiz, saioan hasi eta etxean bukatu. Adur Larrea aritu zen Berako saioan, eta Jone Taberna Sarakoan.

Muga, «euskaldunen auzia»

Helburua norbanako bakoitzak mugarekin duen harremana aztertzea denez, etortzen direnarekin «pozik» daude: «Ez gara zerbait berezia bilatzen ari. Ez gara nor errateko jendeari zer egin, ez da helburua esatea gehiago ibili behar duzue mugaz gaindi. 84 parte hartzaile izan ditugu, bere bizipenekin eta profil aski desberdinekin». Hala ere, eta nahiz eta denei irekia izan, batez ere parte hartzaileak «euskaldunak» direla ondorioztatu dute: «Nahiz eta komunikazioa hiru hizkuntzatan izan, eta denei irekia, oro har euskaldunak dira hurbiltzen. Iduri du mugaz gaindikoa euskaldunen gaia dela, eta ez gaitu harritu».

Ondorioak herritarrekin partekatzea da asmoa

Lehen bortz saioak eginda, sorpresarik hartu ez diotela dio Casiriainek. «Mendigunean egindako tailerretan ikusi dugu argiki jendeak baduela argi mendia muga bat dela, eraikuntza soziala da mendia nola bihurtzen dugun muga. Nahiz eta muga fisikorik ez izan, oztopo handiak ikusten dira». Aitzinetik zuten ideia ere indartu dute saioetan, «muga ireki dela, eta iduri duela harreman gutxiago dugula bertze aldearekin». «Aunitz aldatu da gizartea azken hamarkadetan, beste abiadura batean ari gara, eta biziki lotuak gara estatuen zentroei». Adibidez hornitu du azalpena: «Erreferente kulturaletan ikusten dugu argi: errazagoa da Aezkoako xokotik Madrilgo berriak jakitea eta Donibane Garazitik Pariskoa, elkarren arteko berriak baino. Gure sistemak horrela eginak dira eta uste dut muga horrek baduela eragin bat gaur egun, nahiz eta ez irudi».

Hemendik aitzinerakoak

Udarako bukatuko dituzte herritarrekin egin beharreko saioak, eta ordurako nahiko lituzkete bildu lanaren lehen ondorioak, eta parte hartzaileei aurkeztu, nahiz eta oraindik ez duten argi zein formatutan eginen duten hori. Horrez gain, artistekin lantzen ari dira tailerretan ateratako material hori nola erabili beste artelan batzuk sortzeko. Lan horiez harago, ikerketarekin ateratako ondorioekin eta tendentziekin, testu klasikoagoak eta txostenak ere osatuko dituzte, beti ere «elkarrizketa uztartuz artisten eta ikerlarien artean». Paraleloki, prozesu luzeago bat lantzen ari dira Casiriain idazten ari den tesiaren barrenean. Euskal Herriko Udako mugaz gaindiko ikastaroetan aurkeztuko dute ikerketaren adar hori Baionan eginen duten jardunaldian. Proiektuari buruz informazio gehiago nahi duenak Cederna Garalurren webgunean aurkitu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun