Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako bost enpresaren parte-hartzea bultzatu du Artisautzaren Europako Egunen karietara, eta zeta pintatu, kaiku, forja, egur eta zeramika tailerrak bisitatu ahal izanen dira igandera arte. Eskualdeari dagokionez, Erratzuko Ion Dufurrena kaikugileak Iriarteko bordan duen tailerra bisitatzeko aukera izanen da gaur, apirilak 5, 16:30etik 18:30era. Bisita euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera emanen du, baina komeni da aitzinetik telefonoz deitzea (644 25 41 06), leku mugatua baita.
Dufurrenaren tailerraz gain, Meanoko Puch tailerreko zeta gaineko pinturak, Izurdiagako Braun burdinola, Iruñean zeramika eta zur taila erakusten duen GeroArte tailerra eta Aiegiko burdinola ikusteko aukera izanen da.