Inauteriak 2024

Berroko eta Beartzungo inauteriak ospatu dituzte asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 5a, 10:30

Aurten ere trikitixa eta bafle hotsak entzun dira Elizondoko Berro eta Beartzun auzoetan. Berron urteak dira inauteriak berreskuratu zituztela, eta geroztik urtero ospatzen dituzte. Berrikuntza duela hiru urte etorri zen, Beartzungo zenbait gazte elkartu eta etxez etxeko eskea berrartu zutenean, aspaldiko garaitean bezala. 2023an Berro eta Beartzungo inauteriak elkartu zituzten lehendabiziko aldiz, eta aurten ere elkarrekin ospatu dituzte bi auzoetako gazteek.

Argazkiak eta testua: Gorka Laurnaga

Joan den urtean Beartzunen hasi bazituzten inauteak, aurten alderantziz: ortziralean 09:00etan gelditu ziren gosaltzeko Antzanbordan. 20 bat gazte elkartu ziren eta 10 baserri ingurutatik ibili ziren Arizkungo trikitixa eta pandereta bikotearekin: Markel Adin eta Mirian Martin. Biharamunean Beartzunen izan zuten ibilbidea. Goizean Etxeberrian gelditu ziren gosaltzeko ohitura den gisa, eta ondotik dozena bat baserritan izan zuten edan, kantu eta dantza egiteko aukera.

Berroko eta Beartzungo gazteek bihotzez eskertu nahi diegu etxe guziei beren ateak irekitzeagatik eta haien denbora eskaintzeagatik. Dantza eta irri artean gazteak bertakoaz gehiago aberasten gara, eta gurea gehiago maitatzea ekartzen digu. Gora gure auzoa, but-but!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun