Jende aunitz bildu da gaur goizean Lekarozko Larraldea sagardotegian Nafarroako sagardo denboraldi berriaren irekieran. Duela urtebetetik Eztibeltza kooperatibak du Larraldea sagardotegiaren ardura, eta pozarren ziren gaur denboraldia bertan hasteko.
Nafarroako Sagardogileen Elkarteak Itziar Torres eta Patxi Larralde aukeratu ditu denboraldiko lehenengo txotxa egiteko. Plazetan mutil dantzak jotzen lehen emakume txistularia izan da Torres, eta Jo ala Jo taldeko kidea ere bada. Larralde, aldiz, elkarteko sortzaile eta bultzatzaile izan da, eta aurten 50 urte bete ditu plazan txistua jotzen. Urte luzez egindako lana eskertu nahi izan diete.
Ekitaldia hasteko kooperatibako Marijo Indaberek, Oianko Gardek eta Xabi Torresek Kirikoketa jo dute. Ondotik, txistularien laguntzarekin sagardotegi barrenera joan dira eta bertan aurtengo sagardo denboraldia aurkeztu du Torresek. Gardek txotxa ireki dutenak aurkeztu ditu, eta lehen txotxa egin aitzinetik Itziar Torresek aurkezpenerako espresuki prestatuko testu bat irakurri du.
Ondotik, gonbidatuak eta Nafarroako hainbat sagardotegitako kideek sagardo dastatu eta otordua egin dute bertan.