Plataformak adierazi duenez, «ez dugu onartuko proiektua UGEP gisa inposatzea. Argi dago proiektu hori babesten dutenek Baztango herritarrak eta beren bizimodua gutxiesten dituztela, erabaki horrek ondorio zuzenak izanen baititu tokiko ekonomian. Izan ere, 80 nekazari profesionalek eramaten dute beren azienda Erdizera».
Proiektua aurrera eramanez gero, «laborari horiek bertze lanpostu batzuk bilatu beharko dituzte, gure lurrak eta ondarea kanpoko enpresa multinazionalek aberasteko erabiltzen dituzten bitartean. Herri lurrak herriari kentzea eta esku pribatuetan jartzea al da Nafarroako Gobernuak herritarrak zaintzeko eta babesteko duen modua?».
Alegazio zerrenda herritarrak sinatzeko
Nafarroako landa eremuko bizimodua eta lurrak defendatzeko, «herritar guztien laguntza behar dugu». Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikatzean alegazioak aurkezten ahalko dira, eta alegazio zerrenda bat prestatu dute herritarrek sinatzeko. «Ahal bezain bertze pertsonek sinatzea ezinbertzekoa da herritarrok proiektua babesten ez dugula erakusteko».
Bertzetik, Nafarroako Gobernuari gogoratu diote «hartu berri duen erabakia baztandarren iritziaren kontrakoa dela». Izan ere, «udal hauteskundeetan bozkatu zuten hamar herritarretik zortzi proiektuaren kontra egiten zuten alderdiekin lerrokatu ziren. Baztandarrek beren jarrera zein den garbi erakutsi dute, baina, bertze behin, enpresa multinazionalen promesa lausoak lehenetsi dituzte».
Enpresak «landa eremuko lanpostuak, ingurumen ikuspegiko ekonomia garapena eta kohesio territoriala mantenduko eta sustatuko dituela erran du. Denek ongi aski dakigu gisa horretako proiektuak eta nekazaritza estentsiboa ez direla bateragarriak, eta multinazionalen promesak inoiz gutti betetzen direla».
Izan ere, «zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsakorrenetako batek? Nola garatuko da ekonomia Baztango nahiz Nafarroako lehenbiziko sektorearendako estrategikoa den eremu bat suntsitzen bada? Zein kohesio territorial sustatuko du multinazional baten mesedetara bizitzeak?».
Azkenik, «herritarrek beren iritzia ematea hiru aldiz galarazi eta gero, proiektua UGEP gisa inposatu nahi dutela» salatu dute. «Hogei urteren ondotik argi gelditu ez bazaie, bertze behin errepikatuko dugu: ez dugu horrelakorik onartuko! Landa eremuaren osasuna da gure etorkizuna! Erdiz Bizirik!».