N-121-A

Nafarroako Gobernuak 62,8 milioi eurotan esleitu ditu Belateko tunela bikoizteko lanak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 15a, 15:30

Tunelaren iparraldeko sarreraren grafikoa. Irudia: Nafarroako Gobernua.

Lanak hurrengo asteetan abiatzea aurreikusi dute eta egiteko 45 hilabete aurreikusi dute, ia lau urte. Tunel berria ere bi erreikoa eginen dute eta 2.885 metroko luzera izanen du.

Nafarroako Lurralde Kohesioko Departamentuak Belateko tunela bikoizteko lanak esleitu ditu 62.881.801,65 eurotan (BEZa kanpo). Acciona Construcción SA, Excavaciones Fermín Osés SL eta Servinabar 2000 SL enpresak arduratuko dira lanak egiteaz, eta hurrengo asteetan hasiko dituzte. Lanak egiteko 45 hilabeteko epea dute, ia lau urte.

Tunel berriak 2.885 metroko luzera izanen du

Tunelaren barnean larrialdietarako bortz pasabide eraikiko dituzte, 500 metrotik behin, oraingo tunelera lotuak. Pasabide nagusia larrialdietako ibilgailuendako izanen da eta gainerako lauak oinezkoendako eta ibilgailu arinendako.

Tuneleko bi erreiek 3,5 metroko zabalera izanen dute, 3 metroko bazterbidearekin eskuinaldean (Iruñerako noranzkoan) eta metro batekoa ezkerraldean. Gainera, 0,75 metroko espaloia izanen da galtzadaren bi aldeetan. Tunelera sartzeko baimendutako ibilgailuen gehienezko altuera 5,5 metrokoa izanen da.

Bikoizketa lanek «tunel bakoitzeko trafikoa murriztea» dute helburu, eta hauen arteko pasabideekin «larrialdiei erantzuteko esku-hartzea azkartzea» bidenabar.

Aurreikusitako kronograma

Obra Publikoen eta Azpiegituren zuzendaritza orokorrak aurreikusi duenez, obrak Belateko tunel berri egiten hasiko dira, eta ondotik Almandozko tunel berria egiteko txanda etorriko da. Bi tunelak egin ondotik eginen dute bi tunel berrien arteko errepide berria. Eta azkeneko fasean, aspalditik eginak dauden tunelak berritu eta eguneratzeko txanda etorriko da.

Tunelaren hegoaldeko irteeraren grafikoa. Irudia: Nafarroako Gobernua.

Tunel berria barnetik. Irudia: Nafarroako Gobernua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun