Lagin bakoitzetik 650.000 datu genetiko inguru lortu zituzten, beraz, informazio aunitzekin aritu ziren lanean. Gainera, hiru lan sistema izan zituzten, eta emaitza berak lortu zituzten hiruretan. Bozatarren artean, kontuan hartu zuten haien aitzinekoen jatorria, eta ikerketari esker hainbat mende egin ahal izan zituzten gibelerat, 10-15 bat belaunaldi, 1.200-1.300 urteetara arte. Informazio hori bertze herrialde eta etniako biztanleekin konparatuta, hurbiltasun genetikoa zehaztu zuten, eta hainbat hipotesi baztertu ahal izan zituzten, bertzeak bertze, agoteak Ekialde Hurbiletik edo Afrikako iparraldetik etorri zirela.
Europako herrien artean, Iberiar Penintsulako eta inguruko datu genetikoekin konparatu zuten informazioa, eta emaitzak argiak dira: agoteen informazio genetikoak %70eko afinitatea dauka euskaldunekin, zehazki, gaur egun EAE eta Ipar Euskal Herria diren lurraldeekin. Honez gain, % 19,2ko antzekotasuna du genetika frantsesarekin, eta % 9koa nafarrarekin. Hala ere, mendeetan sufritutako bazterkeriaren ondorioz, bozatarrek ez dute afinitate genetikorik Baztango herritarrekin. Hau da, agoteak Baztandik kanpokoak ziren, baina ez urrunekoak.
Ikerlarien lantalde zabalak parte hartu du azterketan: Madrilgo Complutense Unibertsitateko Antonio González-Martín doktoreak eta Alicia Portela-Estévez doktoretza ikasleak, PharmaMarreko Genetika Identifikazio Unitateko Amaya Gorostiza doktoreak, Bartzelonako Unibertsitateko Yorgos Athanasiadis doktoreak eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Araxi Urrutia Odabachian eta Alín Acunha Alonzo doktoreek. Gainera, Maitane Tirapu arkeologo nafarraren laguntza izan dute lagin genetikoak lortzeko.
Nafarroako Gobernuak diruz lagundu zuen ikerketa, eta Baztango Udalak ere dirulaguntza eman zien, «Bozateko bizilagunek historikoki sufritutako bazterketa aitortzeko eta erreparatzeko» helburuarekin.
Datu genetikoak emanda, historialari eta adituen esku utzi dute hauen interpretazioa. Teoria batzuk baztertzeko balio izan du ikerketak, eta datuekin bat egiten duten hipotesiek bakarrik diraute. Orain, ikerlari eta adituen esku egonen da ikerketarekin aitzinerat segitzea, agoteen jatorriaren misterioa behin betikoz argitzeko.
Irudiak: Ikerketa taldea eta ikerketan parte hartutako bozatarrak emaitzaren aurkezpenean.