Mª LUISA BIDEGAIN ETA AITZIBER CEBRIAN

«Agoteen jatorria ezagutu dugu, baina misterioa ez da argitu»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 24a, 09:00

Bozaten sortuak eta haziak dira Maria Luisa Bidegain Jaurena eta Aitziber Cebrian Bidegain izeba-ilobak, eta hainbat barriderekin batera, agoteen jatorria argitzeko ikerketa genetikoan parte hartu dute. Gainera, parte hartzeaz gain, prozesu honetan ikerlari eta auzotarren arteko bitartekari lanetan aritu da Cebrian, Joseba Moreno lehengusuarekin batera. Orain emaitzen berri izan dute: haien arbasoak Baztandik kanpokoak ziren, baina euskaldunak.

Zeuen burua agotetzat duzue?

Maria Luisa: Bai, gurasoak eta aitatxi-amatxi guziak bozatarrak ziren, eta ez dut inoiz eta inon ukatu. 

Aitziber: Bai, amaren aldetik denak auzokoak ziren eta aita Elizondon sortua, baina bere amatxi, amaren aldetik, Bozatekoa zen.

Zer kontatu dizuete agoteen inguruan etxean?

M. L.: Nire gurasoek ez zuten ezagutu, baina beraien arbasoak baztertuak izan zirela kontatu izan digute; elizan beren tokia zutela, adibidez, eta bakoitzak bere aulkia eramaten zuela.

Zuen aitatxi-amatxirendako estigma izan zen?

M. L.: Gure familian ez dugu horrelakorik bizitu. Gure amatxi emagina eta sukaldaria zen, batzuetan zerri hiltzeetan mondongero aritzen zen. Kanpoan aunitz ibili zen lanean eta ez zuen arazorik izan. Agoteak musikariak eta artisauak ziren, langileak eta zintzoak, beraz, beti harro sentitu gara.

Nola izan zenuten ikerketaren berri?

A.: Maitane Tirapu arkeologoak, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Antonio Gonzálezen ikasle nafarrak, laguntza eskatu zigun ikerketa egiteko duela hiru urte. Ondotik, 2020ko irailean, Antonio eta Amaya Gorostizarekin auzoan bilera bat antolatu genuen auzotarrei informazio guzia emateko.

Bozatarrak prest ziren hasmentatik parte hartzeko?

A.: Gaur egun ez da inongo arazorik agoteei buruz solastatzeko, eta lehenbiziko bilera horretan jendea berehala gogotsu eta parte hartzeko prest agertu zen. Gainera, egun horretan batzuk DNA lagina eman zuten; zientifikoki balio haundia duten auzoko belaunaldi zaharrenetako laginak lortzeko azken aukera genuen eta berehala 96 eta 87 urteko pertsonenak lortu genituen. Lamiarrietan, berriz, 60 pertsona agertu ziren eta, horrez gain, ondoko egunetan gehiago bildu genituen. Aipatzekoa da Txiletik ere batzuk animatu zirela lagina ematera. Bertzalde, konparazioak egin ahal izateko, Tirapuk Arizkunenean baztandarren eta nafarren laginak bildu zituen. Denetara, 126 DNA lagin lortu genituen proiektua aitzinerat eramateko.

Nolako esperientzia izan da?

M. L.: Esperientzia arras polita izan da. Denak gogotsu ginen gure jatorria ezagutzeko, jendearekin lehengo kontuak eta istorioak partekatzeko balio izan digu eta kanpoan bizi diren batzuk ezagutzeko aukera izan dugu.

Hainbertze urtetan luzatutako afera hesteko eta agoteen misterioa behingoz argitzeko modua izan da?

A.: Genetikoki informazio zehatza lortu dugu eta gure jatorria ezagutu dugu, baina misterioa oraindik ez dugu argitu. Garai bateko migrazio bat izan zela ikusi dugu, baina oraindik ez dakigu zergatik izan ziren baztertuak.

Agoteak kanpotik etorri zirela erraten zen, baina ikerketak frogatu du ezetz. Posible da herritarrek bazterkeria justifikatzeko erratea 'kanpotarrak' zirela?

M. L.: Bazterkeria arrazoi kultural edo erlijiosoengatik izanen zela uste dugu, baina hori historialariek beharko zuten ikertu eta argitu. Orduko baztandarrendako ezezagunak ziren, gaur egun oraindik erabiltzen den 'kanpotarrak'. Hala ere, ez da gogorragoa hemengo jendea izan zela jakitea; bazterkeria beti da gogorra, berdin du nondik heldu den jendea.

Agoteen bazterkeria akitutzat eman da, baina gizartean oraindik bertzelako bazterkeriak ditugu… inportantea da gertatutakoa ezagutzea berriz errepikatu ez dadin?

Biak: Bai, arras inportantea da herritarrok maila guzietan kontzientziazioa izatea.

Ikerketarekin segitzeko eta gaian gehiago sakontzeko aukera dute ikerlariek. Zein asmo duzue bozatarrek?

M. L.: Auzotarren helburua gure jatorria zehazki jakitea zen, eta proiektu honekin lortu dugu. Hipotesi aunitz alde batera uzteko balio izan digu. Madrilgo ikerlariek erran duten bezala, beraiek sakontzen segituko dute, baina momentuz ez da bertzelako asmorik, ezta dirurik ere!

Zerbait gehitu nahi duzue?

A.: Eskerrak eman nahi ditut. Lehenik auzotarrei eta parte hartzaile guztiei, hasieratik gogotsu agertzeagatik eta proiektuaren emaitza jakiteko izandako pazientziarengatik. Madrilgo Antonio González eta Amaya Gorostiza doktoreei, beraien hurbiltasunagatik. Baztango Udalari eta Nafarroako Gobernuari, emandako finantziazioagatik eta Lamiarrietako jesuitei, bereziki Koldori. Eta azkenik, nola ez, proiektuan parte hartu zuten eta gurekin ez daudenen familiakoei.

Erlazionatuak

Agoteen arrastoen gibeletik

Ttipi-Ttapa 2023 abe 24 Baztan   Arizkun

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun