Raul Zelik politologo alemaniarrak bere azkeneko liburua aurkeztu zuen joan den astean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 30a, 17:00

Antolatzaileen erranetan, «gela jendez bete zen, saiogile eta Alemaniako Die Linke ezkerreko alderdiko zuzendaritzako kidearen gogoetak lehen eskutik ezagutzeko. Horrela, Zelikek kapitalismoaren krisia eta krisi ekologikoa izan zituen solasbide, biak uztarri beretik lotuak».

Baztango Talde Ekosozialak antolatua, Raul Zelik ekintzaile eta akademiko alemaniarrak Zombis del capital bere azkeneko saiakera aurkeztu zuen urriaren 25ean Arizkunenea Kultur etxean. Liburuan «oraingo krisiari buruzko gogoeta egiten du, kapitalismoaren barneko logikak langileak eta ingurunea xehatzen dituela erranez eta horren aitzinean herritar guztiendako alternatiba sozialista eraiki behar dela aipatuz, bizitzaren merkaturatzea geldiarazteko jabetza komuna eta planifikazio demokratikoa bultzatuz».

Alde batetik, «kapitalismoaren krisiaz aipatu zuen aldi gero eta suntsigarriagoan sartu dela, eta herrialde aitzinatuetan horren arrazoi nagusiak lirateke merkatuen gainezkatzea eta produktibitatearen hazkundeak dakarten kapitalisten irabazi tasaren gainbehera; eta, horrekin, irabaziak handitzeko kapitalismo errentista eta finantzieroaren nagusigoa , espekulazioari emana. Kapitalismo errentista horrek hain zuzen, lurraldeen kontrolari buruzko gatazkak handitu ditu».

«Modu berean kapitalismoak egonkortasuna erdiesteko gelditu gabeko hazkundea behar du, baina behar horretan planetaren mugekin buruz buru jotzen du, bizitzaren oinarri materialak xehatuz. Hor krisi ekologikoa. Horri buruz gaineratu zuen planetaren bederatzi muga gainditzekotan daudela: biodibertsitatearen galera, edateko ura, beroketa globala…».

Guzti horren aitzinean, «alternatiba sistemikoa behar da eta hori sozialismoaren eskutik etorriko da. Bere ustean gure jendarte liberal-burgesen arazo handienetako bat jabetza pribatua da, eta jabetza pribatuaz ez da langile arruntaren etxeaz edo norberaren bizikletaz ari, baizik produkzio bitartekoez eta aberastasunaren kontzentrazio handiez».

«Aberastasun handien jabeek finkatzen dute gizartearen norabidea, inbertituz eta aberastasun gehiago pilatuz eta horretarako den-dena merkantzian bihurtuz: osasungintza, ura, lurra… Horren aitzinean sozialismoa aberatsenen kontrako mugimendua da, bizitzaren merkaturatzeari muga paratzen diona. Horretarako jabetza komun edo herritarra hedatu beharra aipatu zuen, ez nahitanahiez estatuaren jabetza gisa ulertuta, ondasun komunalak izaten ahal dira, kooperatibak, udal-jabetzak… hau da, jabetza komun desberdinen ekosistema litzateke sozialismoa, eta hori funtsezkoa da ekonomia, bizitza eta politika demokratizatu ahal izateko, eta ondorioz, ondasun horiek geroari buruz zaintzeko. Zeren Zeliken erranetan produkzioa eta erreprodukzioa demokratizatu behar baitira».

Horretarako, «jabetza komunen ekosistemaz gain planifikazioa behar da, gehiengoen eta ekologiaren alde ekonomi eta produkzio bitartekoak bideratzeko».

Bertzalde, «Zeliken arabera krisi ekologikoak klase izaera garbia du. Krisi ekologikoan herrialde aberatsenek dute erantzunkizun handiena, eta horietan jende talde aberatsenek. Modu berean krisi ekonomiko eta ekologikoaren ondorioak herrialde pobreenek eta herritar xehek biziko dute gogorrago: jatekoen garestitzea, hondamendi naturalengatik etxeen galtzea…. Kapitalismoak langileak eta natura xehatzen ditu eta hori saihesteko eta alternatiba ekologiko eta sozialak erdiesteko aliantzak eraiki behar dira: etxebizitza eskubideari buruz, lan-aldiaren murrizketa… Bide horretan ere bizitza ona zer den gogoetatu beharko da, eta jakitun izan energia fosilak guttitzen ari diren aldian sartu garela eta horrek ondoriok izanen dituela gure bizitzen alderdi materialean. Aski edo nahikoa zer ote den gogoeta beharko da, baina ez neoliberalen zentzuan».

Hori dena kontuan hartuta, «konpromiso militantea goraipatu zuen; talde, sindikatu, alderdietan… aritu beharraz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun