Elizondoko zahar etxeko langileek elkarretaratzea eginen dute gaur egoitzaren publifikazioaren alde

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 11:30

65 langilek parte hartu zuten atzo zahar etxeko langileen batzarrean.

LABek azaldu duenez, «zahar etxea publifikatzeko Baztango Udalak eginiko urratsen aurka, salaketa paratu du une honetan zerbitzu hori kudeatzen duen IDEA enpresak. Langileek kezkaz jaso dute albistea eta elkarretaratzea deitu dute urriaren 20an Elizondoko plazan, ortziralean 18:00etan, zahar etxea publifikatzearen alde eta lanpostuak zein lan baldintza onak ziurtatzearen alde».

Sindikatuak adierazi dutenez, «badira urte batzuk Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek egoitzaren publifikazioaren beharra mahai gainean jarri zutela eta Baztango Udalari bere nahia adierazi ziotela. Hori dela eta, udalak zahar etxea publiko egiteko konpromisoa hartu zuen, eta horretarako sortu du Zaintza Lanak Baztan izeneko enpresa publikoa».

Zahar etxean egin beharreko obrak direla medio, «eta IDEA enpresak prozesua aurrera eramateko paratzen zituen trabak ikusirik, udalak enpresarekin kontratua eten eta azaroaren 1ean langileak enpresa publikoan subrogatzeko hautua egin zuen».

Hala ere, «langileek harriduraz hartu dute enpresak urriaren 17an langile batzuei bidalitako mezua eta enpresak harturiko jarrera. Badirudi enpresak udalak abiatutako kontratu etetea salatu duela, publifikazioaren bidean eman beharreko pausoak oztopatuz. Ondorioz, epailearen esku geldituko da azaroaren 1etik aurrera gertatuko dena, langileek IDEArekin jarraituko ote duten ala Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoan sartuko ote diren».

Berria jasota, langileek asanblada egin zuten atzo zahar etxean, eta ondorio hau atera zuten: «Berriz ere enpresa interesak lehenetsi dituzte egoiliar eta langile guztien gainetik». Horregatik, «zaintza lanen pribatizazioa akitu behar dela» aldarrikatu dute, «langile publikoak garelako eta gure lanarekin etekinak atera nahi dituzten enpresak Elizondon ez ditugulako nahi. Zahar etxeko langileak lanpostuak bermatu eta lan baldintza duinak bermatuko duen publifikazio prozesu baten aldekoak gara».

Langileen erranetan, «IDEA Elizondotik kanpo nahi dugu eta prozesuan oztopoak paratzeari utzi behar dio. Ez gaitzatela engaina, langileon ongizatearen gainetik beraien interes partikular eta ekonomikoak jarri dituzte bertze behin, eta horren adibide da azaroaren 1ean ematekoa den pausoa oztopatzeko egin duten salaketa».

Hori dela eta, elkarretaratzea eginen dute bihar 18:00etan Elizondoko plazan, «zaintzak negozioa izaten segitu ez dezan, publifikazioaren alde, langile publikoak garelako eta zaintza sistema publiko komunitarioaren alde borrokatu behar dugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun