Arxuria

«Baztanek Arxurian galtzen duena proiektuaren kostua gehi dirulaguntzaren 45.000 euroak» direla dio Lander Santamariak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 18a, 13:30

Baztango Udalak atzo Arxuriko proiektuari uko egin ondotik, Geroa Baik prentsa oharra kaleratu zuen egoera salatzen. EH Bilduk oharrari erantzun dio gaur, eta Lander Santamaria Geroa Baiko zinegotziak Fernando Anbustegi alkateari erantzun dio.

Santamariak azaldu duenez, «Arxuriko proiektua errefusatzean, Baztango Ibarrak proiektuaren kostua galtzen du, baita Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren 45.000 euroak ere, eta hori gutti iruditzen zaio Baztango alkateari. Bidea egokitzeari uko egin zion osoko bilkuran ez nuen deus erran, aipatu nuen bezala parte hartu nahi ez nuelako, eta idazkariari abstentzio botoaren azalpena ematera mugatu nintzen».

Honez gain, «inoiz ez dut erran EH Bilduk pista eta plataforma berri bat eraikiko zirela erran zuenik, protesta egin zuten herritarrek egin zuten, Arxurian ur-hartuneak kenduko zirela erran zuten bezala, eta hori ere ez da egia». Gainera, «Zugarramurdiko eta Sarako udalekin izandako bilerara joan ez banintzen, Baztandik urrun nengoelako izan zen».

Bertzalde, «udal aktetan jasota dago Baztango Udala izan zela, Bilduren gehiengoarekin gobernatua, 2019ko apirilaren 3an Arxurian delta hegal eta parapentean ibiltzeko eta bidea errepasatzeko baimena eman zuena, eta berresten dut Baztango Udala izan dela dirulaguntza izenduna onartu duena, proiektua enkargatu zuena eta obrak kontratatu zituena. Hori guztia ezin du inolaz ere ukatu EH Bilduk, bere erantzukizuna saihestu nahian, eta obrak hasi arte Sararekin eta Zugarramurdirekin kontatu ez bazuen, haiek jakingo dute zergatik ez zuen egin».

Zugarramurdiko eta Sarako herritarrei dagokienez, «jakina harreman ona izatea nahi dudala, baina normala den bezala, harreman hori haien aldetik elkarrekikoa izatea nahi dut. Eta are gehiago Baztan ibarreko lurrak okupatzen dituzten proiektuak garatzen dituztenean».

Azkenik, «alkateak dio Arxurikoa 'funtsik gabeko proiektua' dela, baina hala bada, ez da ulertzen zergatik aritu ziren kudeatzen. Bidearen egoera ikusiz gero, erran daiteke ez dela 'funtsik gabekoa', arras beharrezkoa baizik. Hor daude proiektuaren memorian jasotako argazkiak hori frogatzeko. Eta berriz diot bidea konpontzeak abeltzainei, mendizaleei eta, oro har, ibiltariei ere egiten diela mesede, ez delta hegalean ibiltzen direnei bakarrik. Eta gainerako guztia bakoitzaren jarduna ezkutatu nahi izatea bertzerik ez da».

Arxuriko bidearen argazkiak proiektuaren memorian bilduak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun