Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta EH Bilduko zerrendaburuak azaldu duenez, «pena da Geroa Bairen iritzia prentsaren bidez jaso behar izatea eta ez udaletxean, hori baita gure lana. Publikatutako oharrean hainbat kontu erraten dira, bertzeak bertze, Arxuriko proiektuari uko egitean Baztan dela galtzen ateratzen den bakarra. Hori, doike, Geroa Bairen ikuspuntua da. Gure ustez, Baztan galtzen aterako litzateke pista hori konponduz gero, barride ditugun zugarramurdiar eta saratarrekiko harremana funtsik gabeko proiektu batengatik hausten».
Bertzalde, «erraten da ere modu gezurtian erran dela pista berria eta plataforma eraiki behar zirela. Ez dakit guri leporatzen digun gezurretan aritzea, baina EH Bildutik eta udal gobernutik ez dugu inoiz halakorik erran; bakarrik pista bat egokitu behar zela. Bide berriarena eta plataformarena ez dakit nondik atera dituen, eta sinesten ez duenak hor ditu udal aktak eskuragarri».
Gezurretan ari dena «Geroa Bai dela» salatu dute, «izan ere, atzoko osoko bilkuran Lander Santamariak hitza hartu zuela dio oharrak, baina ez zuen hitzik egin. Idatzi bat soilik pasatu zion idazkariari aktan paratzeko. Udalbatzako kideek ez genuen bere iritzirik aditu». Geroa Baik, «gainerako alderdiek bezala, aukera izan du antolatutako bileretan, batzorde informatiboetan eta osoko bilkuretan Arxuriari buruzko iritzia emateko, eta denetan isilik gelditu da. Soilik prentsan saiatu da, idatziz, jendartea nahasten».
Are gehiago, «gaiarekiko interes falta haundia erakutsi du Geroa Baiko zinegotziak. Izan ere, Zugarramurdiko hautetsiekin antolatutako bilerara ez zen agertu eta ez zuen arrazoirik eman».
Oharrean, taldeak aipatzen du ere EH Bilduk bere gain hartu zuela proiektua aitzinera ateratzeko ardura. «Hori hala da, bere garaian EH Bilduk dirulaguntza izenduna onartu egin zuen eta noski, alkatetzan dagoenez, berari dagokio proiektuak aitzinera ateratzea. Baina abuztuan hondeamakina Arxurirat hurbildu zenean, zugarramurdiarrak kontra agertu ziren. Hortaz, udal gobernu taldeak arduraz jokatu zuen eta lanak ez hastea erabaki zuen, barrideen iritzia kontuan hartzeko. Ez dugu Zugarramurdi eta Sararen gainetik pasatu nahi, gure ustez funtsik gabekoa den proiektu bat aitzakiatzat hartuta».
Honez gain, «udalak ez du kalte ordainik ordainduko, oharrean aipatzen den bezala. Soilik memoriaren idazketa ordaindu behar du, dagoeneko ordaindua dagoena, 2.000 euro ingurukoa. Baztango Udalak ez du gehiago ordainduko. Hau ere Geroa Baiko zinegotziari jakinaraziko genioke galdetuz gero, baina prentsan soilik saiatzen da bere iritzia ematen, gainerakoen informazioa jaso nahi izan gabe. Guk argi dugu alderdi guziei eta herritarrei informazioa helarazten segituko dugula, bakoitzak erantzukizunez bere erabakiak har ditzan».
Azkenik, Baztango EH Bilduk salatu du «Geroa Baik herriaren beharrak kontuan hartu gabe bulkatzen dituela dirulaguntza izendunak. Dirua herriak egiazki dituen beharretara bideratuko balu, ez litzateke halakorik gertatuko. Baina nonbait taldeak nahiago du bere kontura jardun, herriari bizkarra emanez».