Arxuria

Arxuriko proiektuari uko egin ondotik kaltetu bakarra Baztan izanen dela salatu du Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 18a, 09:00

Arxuria inguruko aireko ikuspegia

Lander Santamaria Baztango Geroa Bai udal-taldeko zinegotziaren ustez «tamalgarria» da gertatu dena eta abstentziora jotzea erabaki du «esperpento barregarri honetan ez parte hartzeko».

Baztango Udalak ezohiko osoko bilkura egin zuen asteartean Arxuria mendian pista bat egokitzeko proiektuari buruz aurrekoan egin zen bozketa konpontzeko helburuarekin eta horixe gertatu zen. Proiektua aurreko osoko bilkuran onartu zen, Zurekin Baztan (3), Baztango Independenteak (2), UPN (1) eta Geroa Bai (1) udal taldeen aldeko botoarekin eta EH Bilduren aurkako 6 botoekin. Bigarren bozketan EH Bildu (6) eta Baztango Independenteak (1) aurka agertu dira, eta Zurekin Baztan (3), UPN (1) eta Geroa Bai (1) taldeek abstentziora jo dute. Udalbatzara ez ziren bi zinegotzi agertu, EH Bilduko bat eta Baztango Independenteak taldeko bertze bat. Lander Santamaria Geroa Baiko zinegotziak adierazi duenez, «ez dut esperpento barregarri honetan parte hartuko, tamalgarria da hau. Geroa Bai izan zen Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza lortu zuena Arxuriko pista egokitzeko, eta ez irekitzeko, modu faltsuan erran den moduan, edo plataforma bat eraikitzeko, modu gezurtian ere erran den moduan», azpimarratu du.

Santamariak azaldu duenez, «Geroa Bai izan zen dirulaguntza lortu zuena, baina EH Bilduren udal taldea izan zen Gobernuaren laguntza bere egin zuena eta, bere egiteaz gain, hura onartu, memoria eta proiektua enkargatu eta lanak esleitu zituena. Gobernu Batzordea izan zen, EH Bilduren gehiengoarekin, 2019ko apirilaren 3an Bidasoa klubaren eskaera onartu zuena eta Arxurian delta hegalean aritzea baimendu zuena, eta zeharo hondaturik zegoen pista errepasatzea baimendu zuena».

Lander Santamaríak salatu duenez «Baztan izanen da kaltetu bakarra, memoria eta proiektuaren idazketa lanak ordaindu behar baititu eta makineria eta bertzeak mugitu izanagatik lanen esleipenduna izan den kontratistari kalte ordainak ordaindu ere. Azken honek, gainera, lortu gabeko irabaziengatik diru kopuru bat eskatzeko aukera izan dezake». «Guretzako, diru publikoa sakratua da», azpimarratu du Santamariak eta horregatik guztiagatik, «ez dut parte hartuko, abstenitu eginen naiz» akitu du Baztango Geroa Baiko zinegotziak bere agerraldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun