Arxuria

Arxuriko pistaren inguruan azkeneko bozketan eman duen abstentzioa azaldu du Zurekin Baztan taldeak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 18a, 08:00

Aireko ikuspegia: Arxuritik iparraldera, behean Sarako harrobia eta eskuin aldean Zugarramurdi.

EH Bilduk zuzenketa izendunak kritikatzea «harritu» egin dio Zurekin Baztan udal taldeari, eta gaineratu du Zugarramurdiko eta Baztango udalen arteko komunikazioa hobetzearen alde dagoela.

Zurekin Baztan udal taldeak ohar baten bidez azaldu du urriaren 17ko udal batzarrean Arxuriko pistaren proiektuaren inguruan emandako abstentzioa. «Bi aste eta erdi baino ez dira igaro Baztango Udaleko Osoko Bilkurara EHBildu Baztanek Arxuriko pista konpontzeko zuzenketari uko egiteko egindako proposamena lehen aldiz aurkeztu zenetik. Garai hartan, Zurekin Baztanek aldeko botoa eman zion Arxuriko bidetik kilometro bat berreskuratzeko proiektuari eta zuzendaritzara bideratutako diruaren zati bat ez galtzearren. Harritu egiten gaitu EHBildu Baztanek ohar bat atera izanak, zuzenketa izendunak kritikatuz, Nafarroako Foru Parlamentuan zuzenketa izendunetarako negoziazioen bidez diru gehien biltzen duen hirugarren taldea EH Bildu denean», dio Zurekin Baztan udal taldeak.

Zurekin Baztan udal taldearen ustez, «harrigarria da EHBilduk gobernatzen dituen bertze udal batzuek hobekuntzak eta inbertsioak (bizikleta-bideak, zinemak, eraikinak berritzea...) ekartzeko negoziatzen eta borrokatzen duen bitartean, bertze udal batzuek lortzen dutena kritikatzea».


Era berean, Zurekin Baztanek gogoratu du 2019ko martxoaren 22an, tokiko gobernu-batzarrak baimena eman zuela delta hegaletik salto egiteko eta bidea berrikusteko; 2021eko irailaren 24an, hirigintza-txosten bateragarri bat dago panelak jartzeko; 2021eko abuztuaren 3an, basozainak aldeko txostena eman zuen informazio-panelak jartzeko; 2022ko urtarrilaren 21ean, Batzar Orokorrak baimena eman zuen panelak instalatzeko komunala okupatzeko; 2022ko maiatzaren 6an, Baimendutako jardueraren berri ematen duen lurraldearen antolamendua; eta 2023ko maiatzaren 22an, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ingurumen-inpaktua izateko baimena eman zuen, «eta ez zitzaion inoiz kudeaketa horien berri eman Zugarramurdiri».


Zurekin Baztan uda taldeak dioenez, «errepasatu nahi den pista erabilera publikokoa den arren, Arxuriko harrobirako pista zaharra, egia da eskaera parapente eta delta hegaleko eskola batetik datorrela, baina ez esklusiboki, gaur egun Iparraldeko bertze enpresa batzuek eta partikularrek erabiltzen baitute Arxuria mendi-mazela eta mendia parapente jarduerarako. Aldea zen oraingo honetan parapente eskola formazio proiektu bat egiten ari dela euroeskualdean, Irunen, Urruñan eta Beran egoitzak dituena, eta horregatik interesgarria ikusten dugu Baztan proiektu komunitario batean kokatzea».


«Bi udalen arteko harremanean inflexio-puntua izatea nahi dugu»

Zurekin Baztanek ulertzen du «bizilagunen ezinegona beren etxebizitzetarako sarbidearen egoeragatik, baina ez da Haraneko gainerako baserriena baino okerragoa, eta artatu ez badituzte, argi eta garbi esan beharko lukete nor den erantzulea». Zugarramurdiko zinegotziak bildu ziren bi aldietan biak kordialak izan zirela eta, adierazi denaren kontra, Zurekin Baztaneko  zinegotziak inoiz ez zirela isilik egon azpimarratu dute, «are gehiago, Zugarramurdiko saihesbide posibleaz hitz egin genuen, Zugarramurdiko zaharren egoeraz eta Baztango zaharren egoitzako obrez edo Zugarramurdi eta Baztanen arteko balizko hitzarmenez, bizilagunen egoera hobetzeko».
 Udalen artean izan den komunikazioa eskasa dela onartu du Zurekin Baztanek, «baina hau inflexio-puntua izatea nahi dugu gure harremanetan eta eskerrak eman nahi dizkiogu Zugarramurdiko alkateari gure zinegotzien izenak argitaratzeagatik». Horregatik eman zuten abstentzioa astearteko ez ohiko osoko bilkuran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun