Berako emakumeen istorioak ezagutzeko bisita gidatua egin dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 11:30

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horren harira, 'Berako emakumeen istorioetan barnako ibilbide bat' bisita egin zuten atzo Beran. Jon Abril kazetaria eta idazlea aritu zen gidari lanetan. Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatu du ekimena.

Herriko Etxeko plazan hasita, bederatzi geldialditan Berako edo Berarekin harremana izan zuten emakumeen istorioak ezagutu zituzten bisitan parte hartu zuten 18 lagunek. Jon Abril aritu zen gidari lanetan, bera ibili baita azken aldian herritar aunitzentzat ezezagunak ziren emakumeen istorioak biltzen.

Helburua, orain arte gordetako eta ezagutarazi gabeko andreen istorioak ezagutaraztea izan zen, eta parte hartzaileak «hagitz gustura» ibili ziren ibilbide guztian.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta bertze bi ekintza izanen dira heldu den egunetan Bortzirietan. Alde batetik urriaren 20an, heldu den ortziralean Isildutako eskuak liburuaren aurkezpena izanen da Jon Abril idazlearen eskutik 19:00etan Arantzako Liburutegian. Liburuan, 1936ko gerra ondoko hamalau emakumeren istorioak, bizipenak eta oroitzapenak bilduak ditu Abrilek. 

Azken ekintza urriaren 26an, ortzeguna izanen da Igantzin. Ekofeminismoak eta landa eremuko emakumea solasaldia izanen da udaleko goiko solairuan 18:00etan. Solasaldi horretarako ere izena eman beharko da berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidean edo 722 69 30 78 zenbakira idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun