“Lesakako eta Legasako lantegietan eragina izanen du abendura arte luzatu duten Arcelor Mittalen erregulazioak” halaxe irakurri genuen joan den astean Erran.eus-en. UGT, CCOO eta USO sindikatuen gehiengoarekin, 7.000 langileri eragin dion nahitaezko enplegu erregulazioa aplikatzeko zuzendaritzaren proposamena onartu zuten apirilean. Erregulazioak, bertzeak bertze, Lesakako eta Legasako lantegietan izanen du eragina. Legasako AMDS Processingen lanaldiaren % 40 murriztuko dute eta Lesakako lantegian % 35. Langileek soldata gordinaren % 90 kobratuko dute eta oporren eta aparteko ordainsarien % 100 izanen dute. Gu gaurkoan LABeko Asier Calderonekin egonen gara, gaia ongi ezagutzen baitu berak, jakiteko zer ari den gertatzen eta zein den horretan LAB sindikatuaren irakurketa.