Maialen Braña Agerrebere

«Donostiako Orfeoian sartzean nire ametsa bete nuen»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 15a, 08:00

Maialen Braña Agerreberek 2015etik Donostiako Orfeoian abesten du.

35 urteko neska elizondoarra da Maialen Braña Agerrebere, «lanbidez irakaslea eta musikazale amorratua». Kantatzea gustuko du, eta 2015etik Donostiako Orfeoian abesten du.

Zer da musika zuretako?

Bizitzako osagai garrantzitsu bat, nire egunerokotasunean aunitzetan presente dudana. Ttikitatik izan dut zaletasun hau, eta aunitz gustatzen zait kantatzea eta musika aditzea.

Zein musika klase duzu gustuko?

Denetatik entzuten dut, baina gehienbat pop, euskal musika eta klasikoa.

Noiz hasi zinen kantuan eta nolako formakuntza izan duzu?

9 urterekin solfeoa hasi nuen Asun Iturriarekin, eta hor dezente kantatzen genuen. Baina ahots-teknikako klaseak hartzen 15 urterekin hasi nintzen, Elizondoko Abesbatzako zuzendariarekin. 2005ean, 17 urterekin, Iruñeko Maria Eugenia Echarren Kantu Eskolan hasi nintzen, eta han egon nintzen hainbat urtez. Orain Donostiako Orfeoian kantatzen dut, eta entseguez aparte bokalizazio klaseak ematen ditut. Formakuntza etengabea da eta praktikatzea ona da beti, gauzak ikasteko eta zeure instrumentua hobe ezagutzeko balio baitu.

Kantatzen ez ezik, akordeoia jotzen ere badakizu, ezta?

Bai, 9 urterekin hasi nintzen. Momentuan eskaini zidaten instrumentua izan zen eta gustatu zitzaidanez segitzea erabaki nuen. Noizbehinka jotzen segitzen dut oraindik, Elizondoko Musika Eskolakoekin ateratzeko deitzen badidate, adibidez.

Bertze instrumenturik jotzen duzu edo jotzen ikastea gustatuko litzaizuke?

Pianoa eta organoa jotzen ere badakit, baina orain guttitan jotzen ditut. Eta beti gustatu izan zait zeharkako txirula, atentzioa eman dit ttikitatik eta jotzen ikastea gustatuko litzaidake, baina orain ez dut denbora aunitzik…

Noiz sartu zinen Donostiako Orfeoian?

2015eko uztailean sartu nintzen.

Eta zein ahotsetan abesten duzu?

Sopranoa naiz, bigarren sopranoa zehazki.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Esperientzia arras positiboa eta ona; gustuko dudan zerbait egiten ari naiz eta gainera aunitz ikasten ari naiz. Auditorio aunitz ezagutzeko aukera ematen du, eta hainbat zuzendari eta orkestrekin egiten dugu lan, arras onak direnak.

Leku handietan kantatzeko aukera izan duzu?

Bai, batzuk aipatzearren; Londreseko Royal Albert Hallen, Rotterdameko De Doelenen, Municheko Auditorioan… eta iaz Erroman egon ginen kantatzen, Vatikanoan, Orfeoiaren 125. urteurrenean. Hemendik hurbilago ere hainbat lekutan ibili gara: Madrilgo Auditorio Nacionalen eta Teatro Realen, Zaragozako Auditorioan, Frantziako Festival de Rocamadourren eta Festival de Carcassonen… leku aunitz ezagutzeko aukera izan dugu.

Erraza da horrelako publiko handien aitzinean kantatzera ateratzea?

Egia da denborarekin eta esperientziarekin jartzen zarela, baina beti izaten da urduritasun edo emozio puntu hori atera aitzinetik. Esperientzia bereziak eta paregabeak izaten dira.

2015ean sartu zen Braña Donostiako Orfeoian. IÑIGO IBAÑEZ / DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA

Orfeoia exijentea da egunerokoan?

Bai, musika kirol bat bezalakoa da eta ahotsa entrenatu egin behar da. Normalean astean hirutan egiten ditugu entseguak, baina horretaz aparte entsegu estrak eta kontzertuak daude. Orkestra batekin emanaldi bat egin behar badugu, adibidez, orkestrakoak etortzean entseatu behar izaten dugu, entsegu eguna ez bada ere. Bidaia bat egiterakoan ere denbora aunitz sartzen dugu. Hortaz, astean hiru aldiz da ohikoena baina gehiagotan ere elkartu behar izaten dugu. Azken finean, Orfeoia bizitzeko modu bat da; zure denbora libreko ordu aunitz eskaini behar dizkiozu eta urtean beharbada 200 egun bertako jendearekin pasatzen dituzu; entseguak, kontzertuak, bidaiak… aunitz maite duzun zerbait izan behar du. Baina musikaz aparte, bertze gauza onak ere baditu; hainbertze ordu sartuta elkarren lagunak egiten gara eta gure arteko harremanak sendotzen ditugu.

Zein kanta estilo abesten dituzue?

Normalean, Orfeoiaren espezialitatea edo ohiko errepertorioa, sinfoniko korala izaten da, hau da, klasikoa. Baina hortaz aparte bertze estiloak ere landu izan ditugu, adibidez, Mariachi Vargasekin proiektu bat egin genuen, pop abestiko emanaldia egin izan dugu eta habanerak ere kantatu ditugu. Euskal folkloreko edo euskal konpositoreen abestiak ere aunitzetan abesten ditugu. Errepertorio zabala dugu.

Horri esker, hizkuntza aunitzetan kantatzeko aukera edukiko duzue, ez?

Bai. Latina edo alemana dira errepertorio aunitzetan heldu diren hizkuntzak, baina euskaraz, gaztelaniaz, errusieraz, ingelesez, frantsesez… ere kantatzen dugu. Hungarieraz ere kantatu izan dugu abestiren bat. Esperientzia aberasgarriak bizitzeko eta gauza berriak ikasteko balio digu honek.

Musikarekin betetzea gustatuko litzaizukeen amets edo helbururik daukazu?

Nire ametsa Donostiako Orfeoian sartzea izan da beti. 15 urtetatik izan naiz Orfeoiko jarraitzailea eta egunen batean hemen kantatzera iristea zen nire ametsa, beraz, bete dudala erran dezaket.

Lanbidez irakaslea zara. Beti izan duzu argi irakaskuntzan aritu nahi zenuela?

Bai, beti gustatu izan zaizkit haurrak eta irakastea.

Erraza da lana eta abesbatzako zereginak uztartzea?

Ez, ez da beti erraza. Kontzertuak hurbil baldin badira, Donostian, Gasteizen, Bilbon edo Iruñean, errazagoa da, baina bidaiaren bat opor egunetatik kanpo tokatzen bada ez. Aste tartez edo ikasturtean izaten diren bidaietara ez dut beti posible izaten joatea, baina ahal dudan guzietan joaten saiatzen naiz.

Lanean ere musika presente duzu. Tresna pedagogiko ona da?

Bai. Musikoterapia ikasi dut eta frogatuta dago ikasleen garapenean arras erreminta ona dela. Musikak emozioak adierazten laguntzen digu, eta pertsona batzuk errazago komunikatzen dira musikaren bidez.

Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?

Orfeoian segitzea, ikasten jarraitzea eta musikaz disfrutatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun