Larunbatean hasita, bi hilabetez, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egin nahi diote bertsolaritza Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskaini nahi dute txapelketaren bitartez, bertsolaritzaren eta oro har euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izateko.
24 bertsolari ariko dira kantuan txapelketan, eta horietak 11 dira eskualdekoak: Egoitz Gorosterrazu iturendarra , Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo beratarrak, Eki Mateorena, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi leitzarrak, Eneko Fernandez, Josu Sanjurjo eta Xabier Silveira lesakarrak eta Urko Gartzia lekaroztarra.
Eskualdean bertze bi geldialdi eginen ditu txapelketak: urriaren 21ean Leitzan izanen da saioa, eta azaroaren 19an, Lesakan. Finala abenduaren 2an izanen da Iruñean.
Sarrera guztiak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta finala, 17:00etan hasiko dena.