Urriaren 7an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa Iruritan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 18a, 13:00

Txapelketako parte hartzaileak eta antolatzaileak larunbatean egindako aurkezpenean.

Larunbatean aurkeztu zuten Atarrabian Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hiru saio izanen dira eskualdean: Iruritan urriaren 7an, Leitzan urriaren 21ean eta Lesakan azaroaren 19an. 24 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 11 dira eskualdekoak.

Bi urteko zikloarekin bat eginez, udazkenean eginen du Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 46. edizioa. Urriaren 7an hasiko da txapelketa Iruritan, eta finala abenduaren 2an jokatuko dute Iruñeko Anaitasunan. Tartean, lau final-laurden eta hiru finalaurreko jokatuko dituzte eta 24 bertsolari ariko dira kantuan. 

Bi hilabetez, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egin nahi diote bertsolaritza Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskaini nahi dute txapelketaren bitartez, bertsolaritzaren eta oro har euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izateko. 

Txapelketaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Nafarroako bertsolaritza «une gozoan» dela heldu da 46. txapelketa. «2021eko edizioan Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusian ere toki nabarmena izan du Nafarroak. Bai, zer esanik ez, Iruñeak jaso duelako final handia, baina baita nafar bertsolariek txapelketa osoan edukitako paperagatik ere. Baina hori guztia ez da bat-bateko lorea, urte osoa egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko hezkuntzaren alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Egitasmo horiek baliabideak eta bultzada beharko dute hemendik aurrera ere, fruituak ematen segi dezagun». 

Sarrera guztiak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta finala, 17:00etan hasiko dena.

Parte hartzaileak

29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak eginda, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Parte hartzaileei dagokionez, anitza da ordezkaritza. Lau parte hartzaile berri izango dira (Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena leitzarra eta Fernando Ziganda), eta baita txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere. Aurten, gainera, lau txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta beratarra, Julio Soto, Xabier Silveira lesakarra eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza. 

Eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, 24 bertsolaritik 11 izanen dira eskualdekoak: Egoitz Gorosterrazu, Ekhiñe Zapiain, Eki Mateorena, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Urko Gartzia, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira.

Txapelketa saioz saio

Urriaren 7an, larunbata, hasiko da txapelketa Iruritako Gizarte Bilgunean 17:30ean eginen dute lehen final-laurdenarekin. Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez lesakarra, Sarai Robles, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Egoitz Gorosterrazu iturendarra ariko dira kantuan eta Maialen Belarra deneztebarra gaiak jartzen. 

Urriaren 14an izanen du segidan txapelketak Vianan. Julio Soto, Xabat Illarregi leitzarra, Ekhiñe Zapiain beratarra, Patxi Castillo beratarra, Urko Gartzia lekaroztarra eta Aitor Irastortza ariko dira kantari eta Zigor Gartzia Zian aurkezten.

Biharamunean, urriaren 15ean, igandean, Uharten izanen da hirugarren saioa. Joanes Illarregi leitzarra, Xabier Silveira lesakarra, Mikel Lasarte, Julen Zelaieta beratarra, Beñat Asitz eta Eki Mateorena leitzarra kantuan direla eta Ainhoa Larretxea beratarra aurkezle dela.

Fase horretako azken saioa Leitzako Herri Aretoan eginen dute urriaren 21ean, 17:30ean. Bertan, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo lesakarra, Bittori Elizalde, Endika Legarra, Saats Karasatorre eta Fernando Ziganda ariko dira kantuan eta Ander Aranburu aurkezten.

Finalaurrekoak eta finala

18 bertsolari sailkatuko dira hurrengo faserako. Altsasun jokatuko dute lehen finalaurrekoa, azaroaren 4an, Zigor Gartzia Zian gai jartzaile dutela. Agoitzen jokatuko dute hurrengo finalaurrekoa, azaroaren 11n, Maialen Belarra doneztebarra gai jartzaile dutela, eta azaroaren 19an, igandea, azken finalaurrekoa Lesakako Kultur Etxean Alaitz Rekondo lesakarraren aginduetara. Hiru saioak 17:30ean izanen dira. 

Finala, abenduaren 2an, larunbata, izanen da Iruñeko Anaitasunan, eta hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazioz sailkatutako bortz bertsolari ariko dira. Ainhoa Larretxea beratarra eta Ander Aranburu izanen dira gai-jartzaileak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun