Izpegiko bestetako bazkariko txartelak bihar arte erosten ahalko dira

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 19a, 15:00

Txartelak salgai daude Erratzuko Zubi Puntan, Elizondoko Intzan, Baigorriko Oronozen eta Basaizeko webgunean, 20 eurotan

Baigorriko eta Baztango gazteek Izpegiko bestak antolatu dituzte aurten lehenengoz, eta asteburu honetan ospatuko dituzte. Egitarau oparoa izanen du, ortzirale arratsaldean hasi eta larunbat osoan luzatuko dena, eta tartean bazkari herrikoia eginen dute.

Irailaren 23an 14:00etan izanen da bazkaria, Inen da zeit txarangak alaituta. Txartelak Baigorriko Oronoz saltegian, Erratzuko Zubi Punta ostatuan, Elizondoko Intzan eta basaizearen webgunean daude salgai 20 eurotan eta bihar hetsiko da erosteko epea.

Autobus zerbitzua

Mendatean kotxe pilaketak saihesteko, larunbatean autobus zerbitzua ere izanen da Baztandik eta Baigorritik. Elizondotik 10:00etan, 12:00etan eta 19:00etan joanen da busa eta Erratzun ere geldialdia eginen du. Baigorritik, aldiz, 11:00etan, 13:00etan eta 20:00etan abiatuko da.

Jaisteko, Baigorrirat 19:30ean, 02:00etan eta 05:00etan joanen da. Erratzu eta Elizondorat, berriz, 20:30ean, 03:00etan eta 06:00etan. Zerbitzuak 3 euroko prezioa izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun