Bestak 2023

Besta aitzinetik auzolana eginen dute Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 22a, 16:00

Argazkia: valledebaztan.com

Gaur arratsaldean hasiko dituzte lekaroztarrek herriko bestak. Horren aitzinetik, ordea, goizean auzolana egiteko hitzordua izanen dute.

Alde batetik,  Lekarozko alkatetza taldeak herritar guztiak norberaren etxeko inguruak garbitzera deitu ditu. Horrez gain, gaur, abuztuaren 23an, auzolanerako deia egin dute 09:00etan Zazpi-Iturriko inguruak garbitzeko.

Ondotik, ohi den gisan, herriak bustiak hartzera gonbidatuko ditu auzolanean parte hartzen duten herritarrak. Hitzordua 12:00etan izanen da, Hiru-Itturrin.

Bestak hastear direla,  Lekarozko alkatetza taldeak herritar guztiak animatu nahi ditu egitarauan eskaintzen diren ekitaldietan «errespetuz eta alaitasunez» parte hartzera. Auzolanaz ere mintzatu dira: «Eskertu nahi dugu bestak prestatu eta antolatzeko beharrezkoa den auzolana. Badakigu zer lan handia egiten den bestak ospatu ahal izateko; herri kaskoan zein auzoetan, etxetik kanpo zein barnean».

Alkatetza taldearen hitzetan «auzolana da gure herria bizirik mantentzen duena eta ohitura hori mantentzeko aitortza berezia ematea beharrezkoa ikuste dugu». Ñabardura bat egin dute ordea:  «Orokorrean auzolanari ematen zaion garrantzia eta aitortza soziala ez dela parekidea ohartu gara eta, nahi edo nahigabe, historikoki emakumeek etxe barnean egin duten lanari (bestak ospatzeko auzolan handiaren parte dena) ez zaiola merezi duen aitortza eman».

Nabarmendu dutenez, «bidegabekeria hau zuzentzeko garaia ailegatu dela uste dugu». Horregatik, besta aitzinetik eta besta egunetan egiten diren lanetan (karrikan zein etxe barnean) berdintasunean pare hartzera animatu dituzte Lekarozko herritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun