Gogotik plazara
«'Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den' dio Ruper Ordorikaren kantu batek, eta hala da. Egunero babestu eta defendatu behar dugu geurea dena». Abiapuntu hortatik sortu zuten proiektua; «herrigintzan esparru guztiak jorratu behar dira, eta euskal atsotitzek horretarako aukera paregabea eskaintzen dute».
Ideia buruan bueltaka zuen aspalditik Villacortak; «Euskal Ikasketak egin nituen Baionan eta bertan ezagutu nuen Xarles Bidegain euskaltzain, ikerle eta irakaslea. Euskal atsotitzei buruzko pasioa transmititu zigun ikasleei». Hor hasi zen dena, eta 2022ko udan abiatu zuten bi gazteek proiektua.
Atsotitzak irudikatuz
Markaren produktu guziak atsotitzei lotuak daude, eta osagarri batzuk atera dituzten arren, «bereziki arropan zentratzen gara. Orain arte kamisetak eta jertseak egin ditugu». Bikotearen erranetan, «balorerik ez duten multinazionalen aitzinean, euskal alternatiba bat proposatu nahi dugu, bertako enpresekin elkarlanean eta amalurrarekiko begirunez. Kotoi organikoa eta poliester birziklatua erabiltzen ditugu arropak egiteko, eta Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroan serigrafiatzen dira».
Diseinu propioak sortzen dituzte; «normalki ordenagailuz, irudiak konbinatuz eta irudimena astinduz. Batzuetan, atsotitzak berrikustean, bat aukeratu eta nola irudikatu pentsatzen dugu. Bertzeetan alderantziz, diseinu bat burura etortzen zaigu eta hobekien definitzen duen esaera zaharra bilatzen dugu. Hala ere, Euskal Herriko txoko guzietako ezaugarriak islatzen saiatzen gara, zubiak eraiki nahian».
Emaitzarekin kontent
Merkatuz merkatu ibili dira arropak saltzen, «eta berriki dendetan saltzeko aukera izan dugu. Webgune bat sortzeko pausoa ere eman dugu, harabi.eus, laguntzaile bikain bati esker».
Jendearen aldetik erantzun bikaina izan dute; «arras eskertuak gaude hasmentatik gure proiektuan sinistu duten guziekin. Sekulako laguntza izan dugu herriko eta inguruko jendearen aldetik, eta horrek gure egitasmoa indartu du».