Bestak 2023

Euripean joan dira Elizondoko bestetako lehen egunak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 26a, 11:00

Euripean abiatu dira Elizondoko Santiago bestak. Astelehen eguerdian piztu zuen lehen suziria Jone Olazarrek, bestetako marrazki lehiaketako irabazleak eta segidan musika doinuak izan zituzten, Baztango Gaiteroak, Elizondoko gaiteroak, Tuku Tuku txaranga, Baztango xulubitariek eta Baztango gaita eskolaren eskutik. Erraldoien konpartsak ezin izan zuen atera lehen unean, baina atertu zuenean dantza batzuk egin zituen. Arratsaldean Salbea kantatu zuen elizan Elizondoko abesbatzak, Recreo bandarekin eta Felix Txoperena organo jotzailearekin. Karrikadantza dantzatu zuten gero. Argazkiak: Alicia del Castillo

Santiago egun handian, berriz, euriagatik Baztango Dantzariek arratsaldean egin beharreko emanaldia bertan behera gelditu zen. Halere, mezan kontrapas dantzatu zuten Kattalin Arraztoak, Fernando Arraztoak, Itsaso Barriolak, Nora Gallegok, Nahia Gallegok, Irune Iturraldek eta Iraitz Mendiburuk. Abesbatzak Eslavaren meza eta Santiagoren himnoa kantatu zuten, Elizondoko Recreo musika bandak eta Imanol Elizasuk organoa jotzen zuten bitartean. Ondotik, hogeita hamar  bat lagunek Mutildantzak dantzatu zituzten Foruen Plazan, Fernando Anbustegi alkatea tartean zela. Arratsaldean kirolak bere tartea izan zuen. Herriz herri txapelketako jardunaldia jokatu zuten Iriarte pilotalekuan eta Baztan pilotalekuan profesionalen arteko pilota partidak jokatu zituzten. Partida nagusian, Larrazabalek eta Zabaletak garaipena lortu zuten Elordi eta Albisuren kontra.

 

Hondarreko hiru egunak

Hasierako bi egun handi horien ondotik, oraindik hainbat ospakizun izanen dituzte hiru egunotan Elizondon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun