Arizkun Rock musika festibalaren bederatzigarren eta azken edizioa antolatu dute aurten Eider Bidegainek eta Albaro Soulek. Jaialdiari behar bezalako agurra emateko, kartel txukuna osatu dute ekainaren 23rako: Andoni Ollokiegi, Ibil Bedi, Olaia Inziarte eta Bines Katiko izanen dira oholtzan.
19:00etan hasiko da festibala Andoni Ollokiegirekin, eta ondotik geldialdia eginen dute, suak, antzerkia eta dantzak egiteko. 23:00etan berrartuko dute programa Ibil Bedi taldearen kontzertuarekin. 01:15ean Olaia Inziarte artista oronoztarra igoko da eszenatokira, eta gaua borobiltzeko Bines Katiko DJ bikotearen txanda izanen da 02:16an.
Honez gain, urtero bezala kanpalekua izanen da Lamiarritan eta afaltzeko bokatak salduko dituzte. Azkenik, antolatzaileek oroitarazi dute festibalean errespetuz jokatu beharko dela eta ez dutela inolako erasorik onartuko.