Baztango Independenteak taldeak udal gobernuan izateko bilerak egin dituela baina ez dutela emaitzarik lortu adierazi du ohar batean. «Alde batetik Bildurekin bilera informal bat izan dugu, eta, bertzetik, Zurekin Baztanekin ere bildu gara. Bi taldeek ez zuten berriz eseri izan nahi agintaldi honetarako gaietan sakontzeko eta akordioak lortzeko».
Baztango Independenteen erranetan, «Zurekin Baztan alternatiba gisa aurkeztu zen kanpainan eta botoak eskaini arren Baztango alkatetzarako hautagai izateari uko egin diote».
Honela, oposizioan izanen direla adierazi dute, «datozen lau urteetan eraginkortasunez eta arduraz lan eginez».
Era berean, eskerrak eman nahi dizkiete «botoaren bidez konfiantza eman ziguten baztandarrei, baita hauteskundeen ondotik euren maitasuna eta animoak helarazi zizkigutenei».