Erdiz Bizirik plataformak salatu duenez, «baztandarrok gure jarrera garbi erakutsi dugu, baina bertze behin, Nafarroako Gobernuak ez entzunarena egin du». Izan ere, gobernuak foru interesekotzat jo du Magensitas Navarrasen proiektua, «enpresak erran duelakoz mantenduko eta sustatuko dituela landa eremuko lanpostuak, ingurumen ikuspegiko ekonomia garapena eta kohesio territoriala».
Honen aitzinean, hainbat galdera planteatu dituzte: «Zein lanpostu sustatuko ditu proiektuak? Nola lagunduko die meategi batek abeltzaintza ogibide duten eta azienda Erdizera eramaten duten 80 nekazal etxeei? Zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsakorrenetako batek? Nola garatuko da ekonomia Baztango nahiz Nafarroako lehenbiziko sektorearendako estrategikoa den eremu bat suntsitzen bada? Zein kohesio territorial sustatuko du multinazional baten mesedetara bizitzeak?».
Hau guztia dela eta, «hurrengo gobernu eraketara begira eskaera bat zuzendu nahi diegu EH Bildu nahiz Zurekin Nafarroa alderdiei: Erdizko meategi proiektuaren eta antzeko makroproiektuen kontra lerrokatu izan dira publikoki, orain gaiarekiko duten konpromisoa mahaigaineratu dezatela nahi dugu». Horrez gain, UGPS bezalako tresna juridikoak «herritarron hitzaren gainetik inposiziorako ez erabiltzea» eskatu dute, «ez Erdizen ez inon».