Handik bortz urtetara ekologikoan ekoiztea erabaki zuten; «orduan hasi ginen ekoizten genuen guztia gure kabuz saltzen». Gaur egun pasteurizatutako esnea, jogurta, jogurt irabiatua eta gasna egiten dute, «eta inguruan saltzen dugu: Baztanen, Malerrekan, Bortzirietan, Iruñerrian eta Irun eta Hendaia aldean. Ekoizten dugun guztia saltzen dugu, jendeak gero eta gehiago erosten baititu bertako produktuak».
Ekologikoan lan egitearen ondorioa produktuan ikusten da, «lurrari lotua dagoelako. Sasoiaren eta behiak jaten duenaren arabera aldatzen da esnearen kalitatea. Orain aziendak kanpoan egoten dira eta esneak koipe gutiago izaten du, neguan esnea lodiagoa da baina guttiago ematen dute. Gainera, animaliaren ongizatea bermatzen da». Horretarako, lan egiteko modua aldatu behar izan zuten: «behi kopurua murriztu eta lur gehiago alokatu genituen, legera egokitzeko. Behiak egunero atera behar dira kanpora, eta lan gehiago izaten da». Hala ere, «emaitzak merezi du».