Maite Azpiazu Errazkin

«Baztanen jendeak jarri dion ilusioak eta gogoak asko harritu nau»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 4a, 09:00

Oinherri Euskal Herriko Herri Hezitzaileen sareko kide da Maite Azpiazu, eta Baztango eragileekin batera aritu da lanean azken hilabeteetan, bailara Herri Hezitzaile bihurtu dadin

16 elkarte sustatzailek eta 35 udalerri partaidek osatzen duten Oinherri; «ekintzaren, ezagutzaren eta esperientziaren bidez, Herri Hezitzailearen filosofia ekarri nahi dugu geure herrietara. Hezkuntza ulertzeko modu zabalago bat da, hezkuntzaren ardura familia eta eskolaren gain gelditu baita, haurtzaroan hasi eta bukatzen den zerbait bezala irudikatua. Guk ikuspegi hau zabaldu nahi dugu; hezkuntza herrian dago, aisialdian, kirol taldeetan, kulturguneetan… jaiotzen garenetik hiltzen gare arte herriko eragile hezitzaileak eta hezigarriak gara. Honi aurre egiteko, Oinherrik kontzientziazioa proposatzen du, herri bakoitzak zein balioetan hezi nahiko lukeen erabakitzeko».

Baztan proiektu honen parte da duela 10 urte, lehen aldiz abiatu zenetik, eta Baztan Herri Hezitzailea prozesua abiatu dute aurten. «Hiru saioko prozesua egitea proposatu genuen, herriko hiru eragile elkartzeko: udala, ikastetxe eta guraso elkarteak, eta kirol eta kultura arloko taldeak. Lehenbiziko saioan Baztanek Herri Hezitzaile moduan dituen ahulgune eta indarguneak identifikatu genituen, bigarrenean, zer nolako udalerria nahiko genukeen irudikatu genuen. Non gauden eta nora joan nahi dugun jakinda, nola joanen garen planteatu genuen hirugarren saioan. Orain asmoa heldu den ikasturtean plangintza martxan jartzea da, erronkei forma ematen hasteko. Irudikatzea polita da, baina orain dator zailena».

Azpiazu Gipuzkoako herrietan aritzen da batez ere elkartearekin, «eta Baztango kasuan gehien harritu nauena izan da jendeak jarri dion ilusioa eta gogoa. Parte hartzaileek asko baloratu dute elkargune bat sortzea, babes sentimendua ematen baitu. Eragile asko elkartu dira eta balorazio oso positiboa egin dugu denok».

Etorkizunera begira, «denbora eta indarrak neurtu behar dira proiektuak garatu ahal izateko eta jarraipen bat izan dezaten. Proiektu egingarriak izan behar dira, kristoren lan karga suposatzen ez dutenak. Baina ondo antolatzen bagara eta pauso txikiak baina sendoak ematen baditugu, Baztanen gauza oso politak eginen ditu lan talde honek».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun