Baztan berdinzale, euskaldun eta inklusiboago baten alde

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 4a, 08:00

Baztango Udala eta Oinherri, herri hezitzaileak sustatzeko elkartea, elkarlanean aritu dira 2020tik, Herri Hezitzaileen filosofiaren baitan. Aurten, Baztango hezkuntza komunitate formal eta ez formalarekin batera, prozesu bat martxan paratu dute, Baztan Herri Hezitzailea bihurtzeko.

Bertako hiru eragileren talde lanean oinarritzen da prozesua: ikastetxeak eta guraso elkarteak, kultura eta kirol elkarteak, eta udala. Estrategia partekatu bat eraiki nahi dute, Baztango hezkuntza bere osotasunean eta modu integralean lantzeko.

Prozesu hau aitzinera eramateko, hiru lan saio egin dituzte hondar hilabeteotan Arizkunenean.

Lehenbiziko saioa: egungo diagnosia 

Bailarako hezkuntza eragileekin gaur egungo egoera aztertu zuten; herri hezitzaile bat lortzeko helburuak, indarguneak, ahulguneak eta erronkak. Eragile aunitzen parte hartzea izan zuten: udaleko zinegotzi eta teknikariak, Elizondoko Eskolako, Baztan Ikastolako, Herrietako Eskola Ttikietako eta Haur Eskolako irakasle eta gurasoak, kirol eta merkatari elkarteak, Oinherriko sustatzaileak, Kerizu Beretik egitasmoko partaideak… Batzarrean solasgai izan zituzten Baztango hezkuntza formala eta ez formala, kirola, merkataritza, ingurumena, hizkuntza ohiturak eta herrien egoerak, bertzeak bertze.

Bigarren saioa: balioak eta erronkak identifikatzea

Baztan hezitzailearen balioak zeintzuk izan behar duten definitu zuten, eta balio bakoitzak dituen erronkak identifikatu zituzten. Osotara, sei balio nabarmendu zituzten: natura eta jasangarritasuna; euskara eta euskal kultura; komunitatea eta auzolana; berdintasuna eta zaintza partekatua; inklusioa eta aniztasuna; eta emozioak eta heziketa osasuntsua.

Hirugarren saioa: plangintzaren osaketa

Azken saioan identifikatutako erronketatik, bederatzi lan ildo proposatu zituzten, eta hauetatik lau erronka lehenetsi dituzte:

  • Aisialdi hezitzailea eta euskalduna egituratzea.
  • Euskal kulturaren transmisioa sistematizatua, herritar zaharrenek haurrekin lantzeko.
  • Zaintza komunitarioa eta zaintza sareak sustatzea.
  • Ailegatu berriendako harrera plan bat diseinatzea.

Hauek dira oraingoz zehaztu dituzten lau erronka nagusiak. 2023/24 ikasturtetik aitzinera hauen plangintza osatuko dute.

Hala ere, nabarmendu dutenez, lan saio hauetan helduek bakarrik parte hartu dute, eta haur eta nerabeen hitza aditzearen inportantzia azpimarratu dute. Horretarako, parte hartze kanala zabalduko dute eta irailean berriz ere bilduko dira. Heldu den urterako bi batzar gehiago aurreikusi dituzte, egindako lanaren balorazioa egiteko.

Balorazio positiboa

Oianko Gardek, azken agintaldiko Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, «Oinherrirekin lan egitea erabaki genuen, Baztanen Herri Hezitzaileen filosofia bereko proiektuak genituelako dagoeneko, Kerizu Beretik elkarteak batez ere bideratuak. Oinherriren jakintza interesgarria izanen litzatekeela pentsatu genuen. Geroztik, bilkurak, batzarreak, solasaldiak… egin ditugu».

Duela 10 urte, Oinherri elkartea sortu zenean, herri hezitzaileen sare esperimentala sortu zuten, eta Baztan izan zen proiektuan sartu zen lehenbizikoetako udalerria. Hala ere, geldialdi une batean zegoen prozesua, eta horregatik berrartu zuten.

Baztanek eragile ugari ditu hezkuntzaren arloan, eta joan den urteko neguan erabaki zuten, bakoitza bere aldetik joan beharrean, eragile guztiak prozesu berean batzea, «etorkizunerako plan bat lantzeko. Jende aunitz inplikatu da, ilusio haundiarekin, eta lan egiteko gogoa ikusi dugu. Parte hartzearekin eta prozesuarekin kontent gaude, eta balorazio ona egin dugu».

Bileretan, «hainbat lan ildo zerrendatu ziren, baina bistan da etorkizuneko plan erreal bat egin nahi badugu, ez garela denarekin batera hasten ahal. Hala ere, gazte eta nerabeek ez dute prozesuan parte hartu, eta haiekin kontrastatzea da inportanteena. Horregatik sortuko dugu parte hartze kanala, erronka hauek haiekin lantzeko eta beraien hitza aditzeko. Haur eta nerabeek erabaki behar dute zer eta nola nahi duten, ez helduok erraten dieguna».

Prozesua hurrengo ikasturtean paratuko dute martxan, «baina horrek ez du erran nahi dena urte horretan egin behar denik. Lau urteko plana izanen da, eta erronka bakoitzari ematen diogun dimentsioaren arabera, gogorragoa edo apalagoa izanen da lana».

Garderen hitzetan, «Hezkuntza zinegotzi naizen aldetik, landu dudan proiekturik politena iruditzen zait, jendea parte hartzeko gogotsu ikusi dut eta horrek bete nau. Nire esker onak prozesu honetan parte hartu duten guziei eta etorkizuna izatea espero dut».

Gainerako partaideek ere ongi baloratu dute orain arte egindakoa, «batez ere hainbertze eragile elkartzea, elkar ezagutzeko gune bat izatea eta elkarrekin Baztango hezkuntza proiektuaz hausnartzeko aukera izatea». Kezka orokortu bat ere agertu da; «ea gai izanen garen lanketari jarraipena emateko eta horretarako ditugun indar eta baliabideak nahikoak ote diren». Denborak erranen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun