Ttipi Txartela

«Udako berrikuntza haurrendako kirol-jokoak izanen dira aurten Giltxaurdin»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 25a, 12:00

Maria Plazak azaldu digunez, sasoiaren arabera eskaintza bereziak dituzte Giltxaurdi kiroldegian. «Urritik maiatzera neguko denboraldia dugu; alde batetik hiru hilabeteko igeriketa ikastaroak ditugu eta bertze aldetik salako kurtsoak, denboraldiko osokoak». Ekainaren 16tik irailaren 15era arte, berriz, udako denboraldia izanen da.

«Uztaila eta abuztuan igeriketa kurtsoak ditugu, eta guttieneko taldeak ateratzen badira, lehorreko ikastaroak ere eginen ditugu». Izan ere, «udan jendeak bertze martxa bat dauka eta ez dira hainbertze talde ateratzen». Eta noski, igerilekuari estalkia kenduko diote: «eguraldi onarekin jende aunitz etortzen da, eta beti igerilariendako kale bat libre uzten dugu. Gimnasioa ere egun guzian irekia egonen da».

Aurtengo berrikuntza «haurrendako kirol-jolasen ikastaroa» da; «goizetan izanen da, uztaileko eta abuztuko lehenbiziko asteetan, 6-11 urte bitarteko haurrendako. Kirol eta jolasak eginen dituzte zenbait lekutan: futbol zelaian, pilotalekuan, igerilekuan, salan…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun