Bestak 2023

Irurita eta Urdazubiko Salbatore bestek hasiera eman diote herrietako besta denboraldiari

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 18a, 11:30

Urtero bezala, Salbatore bestek hasmenta eman diote herrietako besta egitarauari. Asteazken eguerdian Iruritan bota zuen suziria Rober Irigoien alkateak eta arratsean gauza bera egin zuten Urdazubin. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Zehazki, Iruritan 12:01ean bota zuten txupinazoa, eguerdian minutu bateko isilunea gorde baitzuten berriki hildako Juan Felix Alemanen oroimenez. Hori bai, txupinazoaren ondotik besta lehertu zen eta estreinatu berri dituzten Pedro eta Rosario erraldoiekin eta Baztango gaitariekin batera karrikaz karrika ibili ziren. Baztango gaitariek hogei urte bete dituzte Iruritako txupinazora etortzen.

Arratsaldean haurrendako jokoak izan zituzten, gazteen arteko herri kirol desafia eta haurren zazpigarren trinkete txapelketako finala. Arratseko ezkila-jotzeak ere bestak hasiak zirela erakutsi zuen.

Salbatore eguna gaur

Bai Iruritan, baita Urdazubin ere, gaur ospatzen ari dira Salbatore egun handia eta asteburura bitarte luzatuko dute besta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun