Berroetako mendi lasterketa euritan blai baina giro ederrean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 16:00

Ibilbideko irudi ikusgarriak utzi ditu Berroetako VI. Mendi Maratoi Erdiak, Mikel Hualdek bildutakoak. Eguraldiari aurre egin eta Ioan Tabar izan da txapeldun gizonezkoen artean, eta Nerea Goikoetxea eta Olatz Azazeta garaile emakumeen artean.

Argazkiak: Mikel Hualde, Juan Mari Ondikol eta antolatzaileak. Testua: Maialen Iantzi

Berroetako VI. Mendi Maratoi Erdia egin zen atzo, eta eguraldia lagun ez bazuten ere, euriteak ez zituen lasterkariak beldurtu. Hasiera batean bi ibilbide ziren egitekoak, 21km eta 15km-koak, baina eguraldi txarra zela eta, lasterkari guztiek bigarren ibilbidea egin zuten. Beraz, aurten Berroetatik hasi, Elorregi igo, Olarira jaitsi eta Larraldetik barrena etorri ziren lasterkariak herrira. Izena eman zuten 80 lasterkarietatik 75ek parte hartu zuten.
 
Herrira ailegatzen lehendabizikoa Ioan Tabar Clemente (01:11) izan zen, bigarrena Jokin Arretxea Lastiri narbartearra (01:13) eta hirugarrena Unai Barazabal Erasun azpilkuetarra (01:14). Emakumeetan, aldiz, Nerea Goikoetxea Arizmendi eta Olatz Azazeta Pelaez izan ziren garaileak, biak elkarrekin sartu baitziren plazara (01:36), eta hirugarrena Lorena Campomar Baez (01:44) izan zen. 
 
Lasterkari eta boluntarioek eguraldi benetan kaxkarrari egin behar izan zioten aitzin; kazkabarra, euri ikaragarriak, ortotsak... Errekak ere urez gainezka zetozen eta bide xendak, erreka bihurtuta. Zailtasunak zailtasun, egoerak xarma berezia eman zion lasterketari, ingurune benetan basatian ibiltzeko aukera izan baitzuten bertaratutakoek. Oztopo natural hauek gainditzeko, bidean banatuta zeuden boluntarioen lana ezinbertzekoa izan zen.
 
Lasterketa igandean jokatu zen arren, auzolana ortziraletik hasi zuten herritarrek; bilerak, mendia markatzeko lanak... Eta horri akabera borobila emateko, boluntario guztiek bazkaria egin zuten herriko plazan. Asteburu euritsu bezain polita izan da!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun