Iruritako III. Mendi Duatloia izanen da igandean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 5a, 10:00
2018ko lehen edizioan emakumezkoetan binaka bigarren izan ziren Mikele Etxekolonea eta Sarai Maritorena helmugan.

Iruritako III. Mendi Duatloia maiatzaren 7an izanen da aurten eta bi ibilbide izanen ditu; lasterka 8,5 km eta 290 metroko desnibelarekin eta bizikletan 19,75 km eta 640 metroko desnibelarekin. Lasterketa banaka edo binaka egiteko aukera izanen da.

Dortsalen banaketa Gizarte Bilgunean eginen dute, egunean bertan 08:00etatik 09:15era. 10:00etan emanen diote hasmenta lasterketari, eta partaide guztiek akituta, sari banaketa eta zozketak eginen dituzte 12:45ean eta luntxa izanen da 13:15ean. Eguna borobiltzeko, Baztango Udalak eta Iruritako Herriak bertso saio musikatua antolatu dute Gizarte Bilgunean 18:00etan sarrera librearekin.

Izen ematea

Antolatzaileek izena emateko epea gaur gauera arte luzatu dute; bakarka parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dira eta binaka 30. Izena kirolprobak.com webgunean eman daiteke eta kupoa betetzen ez bada, probaren egunean ere ematen ahalko da izena, banakako probarako 25 eurotan eta errelebo probarako 40 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun