Baztango Geroa Baik aurrekontu orokorraren kontra bozkatu du

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 14a, 15:30
Irudia: Irantzu Pastor.

Udal taldeak azaldu duenez, «adinekoen egoitzan egitea proposatzen den inbertsioa dela eta agertu gara kontuen aurka»

Baztango Udalak 2023ko aitzinkontuak onartu ditu gaur goizean egindako ez ohiko bilkuran. EH Bildu eta Ezkerraren aldeko 8 botorekin eta Navarra Sumaren eta Geroa Bairen kontrako 5 botorekin onartu dituzte. Geroa Baik zahar etxea berritzeko erabiliko den 6 milioi euroko inbertsioarengatik agertu da aurka.

Udal taldeak azaldu duenez, «lanen lehen faserako 6 milioi euroko inbertsioa egitea da Gobernu taldearen proposamena. 6 milioi hauen jatorria Diputatuen Kongresuan lortutako 4 milioiko zuzenketa bat eta udalak eskatutako 2 milioi euro baino gehiagoko mailegua da. Lanak akitzeko mailegu berri bat egitearen arriskuei buruz udalaren interbentzio txostenak berak ohartarazten du, 6 milioi euroko aurrekontu honekin lanen lehen fasea burutu baitaiteke bakarrik. 2021eko azaroan egoitzaren zaharberritze proiektua aurkeztu zen eta horren kostua 8-10 milioi euro ingurukoa zen».

Gainera, «zaharberritze lanek dirauten bitartean, egoitzaren jarduerarekin segitu behar izateak lanen benetako kostua kuantifikatzea zailtzen du, eta horren ondoriozko gainkostua ere agerikoa da». Honen ordez, «proiektua aurkeztu zenean, baldintza berberak beteko lituzkeen egoitza berri bat eraikitzeko aurrekontua eskatu genuen, egoera baloratu eta kontrastatzeko helburuarekin. Horrela, eraikin zaharra eraberritu edo egoitza berri bat eraikin berri batean egitea interesgarriagoa ote zen edo ez ikusiko genuke».

Salatu dutenez, «alkate eta egoitzako patronatuaren presidenteak gure eskaera jaso zuen eta aurrekontu hori aurkezteko konpromisoa hartu zuen, baina oraindik ez dugu proposamenik jaso, eta erabaki bat hartu aurretik oinarrizkoa dela uste dugu».

Hala ere, «patronatutik burutu den lan guztietan parte hartu dugula azpimarratu nahi dugu, pertsonak erdian jartzen dituen eredura egokitzeko egoitzaren kudeaketa, baita instalazioak hobetzea bilatzen zuten lan guztietan ere».

Honez gain, aitzinkontuen kontra bozkatzeko bigarren arrazoia azaldu dute: «herrietako eskolek materiala erosteko dituzten zailtasunen berri eduki genuen eta jakinaren gainean jarri genuen udala, baina aurrekontu hauetan partida hori ez dela handitu ikusi dugu».

Azkenik, zinegotziek salatu dute «azken zortzi urte hauetan, EH Bildu eta Baztango Ezkerraren koalizio gobernuak ez gaituela aurrekontuen lantzean parte hartzera gonbidatu ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun