Baztango Udalak 16.641.350 euroko aitzinkontu orokorra onartu du

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 14a, 12:00

Zahar etxea berritzeko lanen lehen fasea izanen da inbertsiorik haundiena.

Gaur goizean egindako osoko bilkuran onartu dute, EH Bildu eta Ezkerraren aldeko 8 botorekin eta Navarra Sumaren eta Geroa Bairen kontrako 5 botorekin

Baztango Udalak aurtengo aitzinkontu orokorra onartu du, gaur goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran. 16.641.350 euroko aurrekontua izanen da eta udalaren, ikastolaren, zahar etxearen eta Lixuraren aitzinkontuak barne hartzen ditu. Zehazki, udalarena 15.756.350 eurokoa da, ikastolarena 839.000 eurokoa, zahar etxearena 161.000 eurokoa eta Lixurarena 764.112,84 eurokoa. Horrez gain, Giltxaurdi enpresa publikoaren aurrekontua dago, 522.329,80 eurokoa. Merkatuko enpresa denez ez da kontsolidatutako aurrekontu orokorraren barnean sartzen.

Inbertsio aipagarriena zahar etxea berritzeko lehen fasearen kontu-saila da, 6.000.000 eurokoa. Madrildik lortutako 4.000.000 euroko laguntzari bertze bi gehituko dizkio udalak mailegu bidez, lehen fasearen gauzatzea 5.797.784 eurokoa izanen dela aurreikusi baitute.

Zaldubiko poligonoan eginen den garbigunea da bertze inbertsio aipagarri bat, 696.000 euroko aurrekontuarekin. Udaletxearen ekarpena 22.000 eurokoa izanen da, eta gainerakoa diruz lagundua finantzatuko dute.

Inbertsioen sailak, bi proiektu hauek barne, 7.596.332 euroko kopurua aurreikusi du. Horietatik 2.475.670 euro udalaren gain eta gainerakoa dirulaguntzen bidez finantzatuko da. Denera 39 proiektu eginen dira, hauek horietako batzuk: Ordokiko ur-horniduraren berritzea (94.500 euro); adimen desgaitasuna duten herritarrendako eskualdeko eguneko zentroa egiteko Zunda parajearen desjabetzea (31.240 euro); eskoletako lanak (76.550 euro); nekazaritzako azpiegiturak (68.350 euro); oihanetako lanak (162.000 euro); Iriarte pilotalekuan eguzki-panelak energiaren kontsumo partekaturako (53.385 euro) eta bideen hormigoitzeak (55.237 euro).

Honez gain, energiaren kariotzea dela eta, argiteri publikoaren aurreikuspena 366.750 eurokoa da. Iazkoa 285.000 eurokoa izan zen, eta 2021ekoa 150.000 eurokoa. Udal eraikinetako argiaren aurreikuspena 175.684 eurokoa da, iazkoa 141.500 eurokoa izan zen eta 2021ean 85.570 eurokoa.

Zorrei dagokienez, zahar etxe berritzeko 2 milioi euroko mailegua eskatuko duenez, udalaren zorpetze maila %50,85ekoa izanen da, legeak finkatutako %110eko mugatik urrun.

Aitzinkontuari hasierako onespena emanda, aldizkari ofizialean argitaratuta eta hamabortz egunez jendearen aitzinean egonen da, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ondotik, behin betiko onartuko da. Gainera, goizeko bilkuran 2023ko udaleko plantilla organikoa onartu dute, EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko 10 botorekin eta Navarra Sumaren kontrako 3 botorekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun