Hilabete pasa lanean aritu ondotik, Oronoz-Mugairi eta N-121-A errepidea lotzen dituen biribilgune berria ireki dute gaur goizean. Aurkezpenean hainbat ordezkari izan dira; Bernardo Ziriza (Lurralde Kohesiorako kontseilaria) Jose Luis Arasti (Nafarroako Gobernuko ordezkaria), Pedro Lopez (Obra Publikoko eta Azpiegituren zuzendaria), Jesus Polo (Azpiegitura Berrien Zerbitzuen burua), Joseba Otondo, Andres Etxenike eta Leire Ortuoste (Baztan, Bertizarana eta Doneztebeko alkateak), Sunbillako Udaleko Jose Francisco Errandonea, Jorge Oteiza (Oronoz-Mugairiko alkate juratua), eta lanak egin dituen enpresako ordezkariak.
Biribilgunean 425.000 euroko inbertsioa egin dute. 46 metroko diametroa dauka, 6 metroko errepidearekin eta 3 metroko espaloiarekin, eta argiztapena ere paratu diote.
Lanen helburua «errepidearen segurtasuna bermatzea» dela azpimarratu dute. Guztira, 55 milioi euroko inbertsioak egin dira gaur arte 2+1 errepidean, eta horri Belateko tunela bikoizteko 40 milioiko aurrekontua gehitu behar zaio. 2021ean hasi ziren N-121-A errepideko lanak, eta 17 kilometroko tartea bukatu dute, Ezkabatik Lantzera. Baztan eta Sunbilla arteko zatian lanean ari dira, eta azken tartean, Sunbillatik Endarlatsara, proiektua aztertzen ari dira.
Almandoz eta Oronoz-Mugairiko tartea
Ziriza kontseilariak 14 milioi eurotan iragarri du Almandoz eta Oronoz-Mugairi arteko lanen lizitazioa. 5,6 kilometroko tartea hartuko dute, 35+300 kilometrotik hasita (Almandozko tunelaren irteeratik) eta lanak zazpi hilabetetan egitea aurreikusi dute.
Errepideak bi errei izanen ditu Irungo noranzkoan tarte gehienetan, eta norabideen arteko bereizketa tartea eta hesia paratuko dituzte, istripu arriskua murrizteko. Gainera, Zozaiako sarbidea eta aterabidea hobetuko dituzte, azelerazio eta dezelerazio tarteak handituz, eta pantaila akustikoak paratuko dituzte Zozaiako bideko irteeran.