Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek lau bizikleta bidali dituzte Cabo Verdeko emakumeendako

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 17a, 16:30

Afrikako emakumeek arrain freskoak portutik herrira errazago eramateko baliatuko dituzte

2022/23 ikasturtean Elizondoko Lanbide Eskolak CABEME (Cabo Verdeko Emakumeak) proiektua landu du. Hainbat hilabeteetan ikasle eta irakasleak talde lanean aritu dira finkatutako helburuak lortzeko. Lehenengo mailako OM Elementu Metalikoen Fabrikazioko eta OM Bulegoko Informatikako ikasleek parte hartu dute proiektuan.

Ayuda Contenedores GKEarekin elkarlanean, hainbat tresna bidali zituzten Afrikako lanbide eskola batera, eta orain hango emakumeak laguntzeko ideia martxan paratu dute. Azaldu dutenez, «bertako arrantzaleak txalupetan portura hurbiltzean, eguneko arrantza buru-zare antzeko batzuetan ezartzen dute. Emakumeek zareak buru gainean jarri eta zenbait kilometro egin behar izaten dituzte herrira eguneko arrainak eramateko, izugarrizko esfortzua eginez. Emakume hauei egunerokoa nolabait errazteko, garraioa duintasunez egiteko zerbait pentsatu beharra zegoen».

Ikasleek elkarlanean bizikleta batzuk diseinatu eta eraiki dituzte, gibeleko parrillan hozkailu kutxan arrainak eraman ahal izateko. Otsailaren 17an erabat hornitutako lau bizikleta eraman zituzten ikastetxetik, eta bihar abiatuko den kontenedorean eramenen dituzte Cabo Verdera.

Honekin, Cabeme proiektuari akabera eman diote; «esperientzia arras aberasgarria izan da eta hainbat aspektu lantzeko aukera eman digu: elkartasuna, elkarlana, talde zein irakasleen arteko harremana, kontzientziazioa, komunikazioa, koordinazioa… bertze kontinente, kultura eta ideologiako ikasleen eskola ohiturak ezagutu ditugu ikasle eta irakasleok eta haien egoeraz jakitun egin gara. Gure eskerrik handienak laguntza eman diguten pertsona, enpresa, komunikabide eta entitate guztiei, zuen laguntza gabe ezinezkoa izango baitzen proiektua aitzinera eramatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun