N-121-A

95 milioi euro eta ia lau urte beharko dituzte Belateko tunel berria egiteko

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 8a, 13:00

Bernardo Ciriza kontseilaria, Maria Txibite presidentea, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan eta Pedro Lopez, Herrilan zuzendari nagusia, aurkezpenean.

Belateko tunel berriaren lizitazioa iragarri du gaur Maria Txibite Nafarroako presidenteak, 95 milioi euroko inbertsioarekin. Txibitek azpimarratu du tunelen bikoizketa izanen dela Nafarroan azken urteotan egin den bide lanik garrantzitsuena eta konplexuena. 45 hilabete beharko dira lanak egiteko, ia lau urte.

Txibitek aipatu duenez, N-121-A errepidearen segurtasuna hobetzera bideratutako lana izanen da, «duela 25 urte tunelak ireki zirenean, Belatek urruntzen zituen bi aldeak hurbilago izatea lortu zen eta orain, beharrezko segurtasuna eta bermea areagotzea lortuko dugu, behar-beharrezkoa den komunikazio-arteria hori mantentzeko, Iruñea eta ipar isuria ez ezik, Europarekin zuzenean lotzen baikaitu”.

Belateko tunel berria egiteko epea 45 hilabetekoa da, eta lizitazio-aurrekontua, berriz, 95 milioikoa. Hor sartzen dira, bertzeak berte, hondeaketa-lanak (35 milioi), euste-lanak (16 milioi), estaldura-lanak (10 milioi) eta segurtasun-instalazioak (7 milioi).

Belateko tunel berria da luzeena eta zailena. Gaur egungoak bezalatsu, ia 3 kilometro luze izanen du (2.885 metro). Bi tunelak lotzeko bortz emergentzia-galeria izanen ditu, erdikoa emergentzia ibilgailuendako eta bertze laurak oinezkoendako, ibilgailu arinendako sarbidearekin.

Belateko tunel berriarena, bikoizte-lanen lehen fasea izanen da. Ondotik etorriko da Almandozko tunel berria egitea, bi tunelen arteko zatia eta, azkenik, gaur egungo tunelak moldatzea. Denera 180 milioi euroko inbertsioa eginen da eta lanaldi osoko 2.500 lanpostu sortuko ditu.

 

N-121-A errepideko lanak

N-121-a errepidea 2+1 errepide bihurtzeko lanak 2021ean hasi ziren. Lehenbiziko 17 kilometroak bukatuak daude dagoeneko, Ezkaba-Olabe eta Olabe-Lantz tarteetan. Orain, Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko zatia egiten ari dira. Almandoz eta Oronoz-Mugairi arteko zatia lizitatzeko dago oraindik eta Sunbilla eta Endarlatsa arteko azken zatiari zein soluzio eman aztertzen ari dira oraindik, bertako udalekin elkarlanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun