Baztango Gizarte zerbitzuak

«Lana izateak ez du inondik ere bizimodu duina bermatzen»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 27a, 08:00

Maitane Arruabarrena, Itxaso Morato eta Laura Andresena.

Maitane ARRUABARRENA, Itxaso MORATO eta Laura ANDRESENA, Baztango gizarte hezitzaileak eta gizarte langilea

«Emakume migratua». Bi hitzetan, hala deskribatu dute Baztango pobreziaren irudia Maite Arruabarrena eta Itxaso Morato gizarte hezitzaileek eta Laura Andresena gizarte langileak. «Pobrezia dela, gatazkak direla... Beraien lurraldean sufritzen dituzten egoerengatik, bat-batean migrazio prozesu bat hastera behartuak izan dira eta gurera deus gabe etortzen dira. Gehienak emakume gazteak dira. Aunitzetan familia han utzi behar izan dutenak, eta dolu aunitzekin etortzen dira».

Ezaguna dute egoera, Baztango Gizarte Zerbitzuek beharrean daudenei laguntzeko 2012an martxan paratu zuen inkorporazio programan aritzen baitira lanean. Ate joka joaten zaizkienen «bidelagun izaten saiatzen gara» eta bide horretan, bereziki laguntza ekonomikoak tramitatzeaz eta elikagaien banaketaz arduratzen dira. «Dirulaguntzen tramitazioa, bai errenta bermatuarena, baita larrialdietako poltsarena ere, Nafarroako Gobernura bideratzen dugu, eskaerak ailegatu ahala guk tramitazioa egiten dugu». Elikagaien banaketa, berriz, hilabetean behin egiten dute: «Hilabetero elikagaiak Nafarroako Elikagai Bankutik ekartzen ditugu eta banaketa hurrengo egunean egiten dugu».

Baina herritarren borondateari esker badituzte bertzelako ekimenak ere: «Orain dela hilabete batzuk, Baztango Udaleko Hondakin teknikariarekin batera, bertako fruta denda batekin elkarlanean hasi ginen, eta astelehenero eta ortzegunero, saldu ezin dituzten frutak eta barazkiak ematen dizkigute beharrean dauden familien artean banatzeko». Hasi direnetik «200 bat kilo» banatu omen dituzte. Partikularrek eta Baztango Talde Ekosozialeko baratzeetatik ere produktuak ematen dizkiete baita «bertako harategi batek noizbehinka» ere. Gisa honetara, «beharrean dauden familiek elikadura osasuntsua edukitzea ahalbidetzen dugu».

Beharrak haunditzen

Urtetik urtera gero eta herritar gehiagok jotzen du gizarte zerbitzuetara laguntza eske Baztanen, eta «laguntza lehenbizikoz eskatzen dutenen kopurua ere hazi da». Datuak dira lekuko. Konparazio batera, 2018an errenta bermatua hartzeko 86 eskaera tramitatu zituzten Baztango Gizarte Zerbitzuetan eta 109  lagunek egin zuten jatekoa hartzeko eskaera. Aurten 122k egin dute errenta bermaturako eskaera eta 137k jatekoa. 

Ezin, ordea, denengana ailegatu: «Batzuetan ezin izaten diegu beharrei erantzun, laguntza bila etortzen direnek ez dituztelako dirulaguntzak eskatzeko baldintzak betetzen. Adibidez, errenta bermatua hartzeko, adin ttikikorik ez dutenetan, Nafarroan bi urteko errolda  eskatzen dute, eta adin ttikikoak dituztenetan urte bateko antzinatasuna. Beraz, beharrean egon daitezke, baina baliabide guti dugu erantzuteko». Halakoetan, «egiten ahal dugun bakarra, alokairua hilabete pare batez ordaintzeko larrialdietako dirulaguntza eskaintzea da eta hilabetero elikagaiak eskaini». 

Hain zuzen, larrialdietako dirulaguntzetan banatzeko 10.000 euroko aurrekontua dute aurten Baztanen: «2017an 12.474,33 euro banatu genituen; 2018an 11.012,55 euro; 2019an 8.683,73 euro; 2020an 15.192,67 euro eta 2021ean 9.456,51 euro».

Eskaerak Baztanen
URTEA ERRENTA BERMATUA (eskaera kopurua) ELIKAGAI KOPURUA (pertsona kopurua)
2017 102 131
2018 86 109
2019 83 121
2020 103 144
2021 124 170
2022 122 137

Argi diote Baztango ordezkariek: «datuek erakusten duten bezala, beharrak haunditzen joan dira azken urteotan». Aldaketa «aipagarriena», hala ere, zera da: «lana izateak ez duela bermatzen beharrean ez egotea. Soldatak gero eta prekarioagoak dira eta etxebizitza eta gastuak gero eta garestiagoak. Lana izateak ez du inondik ere bermatzen bizimodu duina edukitzea». Horrekin lotu dituzte Baztanen pobrezia areagotzen duten «bi faktoreak»: «batetik, soldata prekarioak, eta bertzetik, etxebizitzaren, alokairuaren, prezio izugarriak». Hortaz, «behar-beharrezkoa» iruditzen zaie etxebizitzaren inguruan zerbait egitea. «Alokatzeko etxebizitza guti daude eta daudenak arras garestiak dira. Hau ez dago gure esku, etxebizitzaren inguruko politika publiko eraginkorra behar da».

Eta pandemiak ere ez du lagundu, kontrakoa egin baizik: «Pandemiarekin desberdintasunak areagotu dira eta oraindik ondorioak sufritzen ari gara. Oraingo egoera ekonomikoarekin, lehendik arras markatuak zeuden desberdintasunak eta beharrak areagotzen ari dira».  

Gizarte zerbitzu hurbilak

Diotenez, «kontziente gara ez garela behar guztietara ailegatzen». Gehiago ere bai: «Seguru gaude beharrean dauden aunitz ez direla ausartzen gizarte zerbitzuetara hurbiltzen». Haiei egin nahi izan diete deia, «beharrean egonez gero, gizarte zerbitzuetara hurbiltzeko» erranez. «Ahal dugun heinean eta ditugun baliabideekin laguntzen saiatuko gara».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun