Jon Elizetxe Bidegarai

«Erdizko proiektuaren ondorioak baztandar guztiok nabarituko genituzke»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 24a, 11:30
Nekazarien etorkizuna «zaila» ikusten du Jon Elizetxe gartzaindarrak.

Urtero aziendak Erdizera bazkatzera eramaten dituen 80 abeltzain familietako bat da Jon Elizetxe Bidegarairena (Gartzain, 1984). Erdiz Bizirik plataformako kide da 2007an sortu zutenetik, eta Magnaren meategi proiektua berriz ere gelditzea dute helburu.

Noiz eta nola hasi zen Erdizko meategiaren afera?

2001ean Magnak zundaketa batzuk egitea eskatu zuen Erdizen, eta baimenduak izan ziren, baina Batzar Nagusian gatazkak izan ziren. Orduan berriz ere zundaketak eskatu zituzten, baina ukatu zizkieten. Horren ondotik, 2006an Magnak Erdizen meategi bat egin nahi zuela jakin genuen, eta Erdiz Bizirik plataforma sortu genuen.

Aldi hartan proiektua gelditzea lortu zenuten…

Bai, 2008an Magnak proiektua utzi zuen, udala ez zelakoz posizionatu. Gainera, plataformarekin herritarren mobilizazioak izan ziren eta horri esker lortu genuen gelditzea.

Baina berriz ere bueltatu dira. Zer aldatu da oraingoan?

Alde batetik, Zilbetin bertze meategi bat eraikitzen saiatu ziren, Erdiz dagoen eremu babestu berean, hau da, Aldude mendian. 2015ean Auzitegi Gorenak alde batera utzi zuen hango proiektua, argudiatuz eremu babestu baten zati ttiki bati eragiten balio, eremu osoari eraginen liokeela. Hortaz diogu proiektu ilegala dela, eremu babestu berean dagoelako. Bertze aldetik, orain proiektu iduritsua aurkeztu dute, baina Udalez Gaindiko Eragin Plan Sektorial gisa tramitatu dute. Uztailaren 29an erregistratu zuten proiektua Nafarroako Gobernuan.

Zenbat hektarea hartuko lituzke?

Goiti-beheiti, bazkalekua hartuko lukeen eremua 100 hektarea ingurukoa izanen litzateke. Zuloa ttikixeagoa litzake, baina Artesiagatik meategiraino ailegatzeko bide zabal bat ireki beharko lukete eta ura bertze puntu batzuetatik hartu beharko lukete. Honi gehitu beharra zaio Artesiagatik beheitiko errepidea zortzi metrotaraino zabaldu beharko luketeela, bertze eremu bat hondatuz.

Eta urteekin proiektua zabalduko litzateke?

20 urtez ustiatzeko planteatu dute proiektua, bortz-sei urteren buruan hasteko. Hortaz, hemendik 25 urtetara, orain erraten duten gauza bera erranen dute: «zulatzen segitu ezin badugu enpresa hetsi beharko dugu eta jendea lanik gabe geldituko da, beraz, baimena eman behar diguzue zulatzen segitzeko». Mapa geologikoa ikusita eta haien zundaketetan oinarrituz, badakigu magnesitaren betak Saioa aldera segitzen duela. Beraz, Erdizen sartuta, haien asmoa Saioan zulatzen segitzea izanen da.

Nolakoa da gaur egun Erdizko funtzionamendua?

Erdiz Baztango hiru bazkaleku komunaletako bat da, haundiena, 475 hektarearekin. Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da eta nekazaritza ekologikoan izenpetua. Urtean azienda buru aunitz ibiltzen dira bertan. Ekainaren 1etik irailaren 21eraino behiak egoten dira, urtero goiti-beheiti 500 aratxe eta behi. Irailaren 21etik aitzinerat behorrak eta ardiak sartzen dira; 250 behor inguru eta 1.500 bat ardi. Martxoaren 15etik ekainaren 1era lurrari atseden ematen zaio.

Abeltzain aunitzek eramaten dituzte bertara aziendak?

Bai, 80 familia inguruk eramaten ditugu aziendak Erdizera. Gainera, horietako aunitz profesionalak gara eta hasi berri diren gazte aunitzek ere bertara eramaten dituzte aziendak. Aurten ikusi da Nafarroako bazkaleku hoberenetakoa dela; uda osoan azienda izan duen bakarrenetakoa izan da, ez dute ur faltarik izan eta bazka, bertze urtetan baino justuxago, baina eduki dute. Hori ez da Nafarroako gainerako bazkalekuetan gertatu, Erdiz leku berezia da.

«Herriaren parte haundi baten babesa sentitzen dugu»

Jon ELIZETXE BIDEGARAI, Erdiz Bizirik plataformako kidea

Nola ikusten duzu gaur egungo nekazaritzaren egoera?

Agintariei ahoa betetzen zaie nekazaritza estentsiboa eta ekologikoa lagundu behar dela erranez, baina gero ez dute inongo problemarik Nafarroako bazkaleku hoberenetako bat izorratzeko. Etorkizuna berez zaila baldin badago, horrela zailago ikusten dugu. Magnak meategitik aterako duen minerala ongarriak egiteko erabiltzen da, gero lurretan botatzeko eta bazka gehiago izateko. Guk erraten duguna da: zertarako hori guza egin, kutsatuz eta dena xehatuz, berez naturalki egiten den prozesu bat delarik? Aziendak larre horretara eramatean, ez dago ongarri kimikoen beharrik, baina hor dago negozioa; denena den lur azpiko minerala atera eta nekazariei salduz aberastea.

Abeltzainek ez ezik, gainerako baztandarrek ere ondorioak nabarituko dituztela diozue.

Bai, hasteko ondorio ekonomikoak: Magnak ongi saltzen du lanpostu zuzenak eta zeharkakoak sortuko liratekeela, baina hemen jada baditugu lanpostuak. Nekazariak Baztango biztanleria aktiboaren %7a gara, eta guk mantentzen ditugu gero hemengo hainbertze tailer, ostatu, kooperatiba, etab. Erdiz kentzen badigute, dudarik gabe nekazari aunitzek haien ustiategia alde batera uztea planteatuko dute, Baztango ekonomian eraginez. Turismoan ere eraginen luke, Artesiaga Baztango sarrera naturaletako bat baita.

Eta ingurumenari dagokionez?

Kontuan izan behar dugu Nafarroan gehien kutsatzen duten hiru enpresen artean dagoela Magna, eta eremu babesteko gune natural batean sartu nahi dutela. Nekazariak desagertzen baldin badira, mendiak berriz ere abandonatuko dira, eta bertze lekuetan ikusi den bezala, suteak izateko arriskua handituko da. Uraren aldetik, Baztango lur azpiko iturri inportanteenetako bat da, Irurita, Arraioz eta Lekaroz hornituz. Magnak lur azpiko urak erabili nahi ditu, uraren kalitatean eta kantitatean eraginez. Azkenik, inguru horretan hainbat espezie babestu daude, tokila, adibidez, eta meategiak, errautsak eta soinuek desagertzeko arriskua areagotuko lukete.

Nahiko mediatikoa bihurtu da gaia. Zein da komunikabideen papera?

Franko mediatikoa bihurtu da Baztanen eta eskualdean, baina zoritxarrez ez nahi bezainbertze hemendik kanpo. Gertatutako galdeketen debekuekin, alde edo kontra egon, uste dut Baztanen argi gelditu dela proiektua inposizio bat dela. Lur komunalen jabetza kendu nahi digute multinazional bati emateko, baina Baztanek ezin du deus erran eta gainera, ondasunik gabe geldituko gara. Hala ere, Nafarroa mailan medioen funtzioa argi gelditu da, Diario de Navarrari eta Diario de Noticiasi begiratu bertzerik ez dago. Magnak komunikabideak diruz betetzen ditu eta horren ondorioz, gure inguruko berriak ez dira publikatzen, edo modu aldrebesean egiten dira. Iritzi gutunak bidaltzen ditugularik ez dituzte publikatzen Magna ez haserretzeko. ETBn ere ez dute apenas deus agertu. Non mugitzen dituzu eskualde mailako manifestazio batean 2.000 lagun baino gehiago? Aski nabarmena da nork ordaintzen duen nor eta ondorioak hor daude, borondateak erosten ari dira. Baina eskertzekoa da tokiko eta Euskal Herriko komunikabide batzuek boza ematen digutela.

Herriaren babesa lortu duzuela erranen zenuke?

Herriaren parte haundi baten babesa sentitzen dugu. Ikusi bertzerik ez da egin behar, manifestazioan zenbat jende atera zen karriketara, egun guti batzuk lehenagotik deitua izan zelarik. Erantzuna kristorena izan zen. Gainera, uste dugu proiektuak legitimitate guzia galdu duela Baztanen, tramitatzeko moduarengatik. Alkateek kuartelean akitu dute, mehatxuen artean, herritarrei hitza eman nahi izateagatik.

Nola ikusten duzu gobernuak alkateei emandako erantzuna?

Frankoren diktaduratik UGEPen diktadurara pasatzen ari gara. Landa eremuak hiriguneen despentsa bihurtu dira, lehengai merkeak lortzeko. Baztan laborategi gisa erabili nahi dute proiektu pribatuak inposatzeko lur publikoak erabiliz. Proiektu hauek Iruñetik eta, kasu honetan, Madrildik inposatzen dira eta errepresioan oinarritzen dira; ez diete herritarrei beren lurren gainean erabakitzen utzi nahi. Beldurgarria da, afera honetan ez dago demokraziarik. Multinazionalek agintzen dute.

UGEPa kolokan dago oraindik. Baduzue esperantzarik?

Zoritxarrez, afera nola doan ikusita, Nafarroako Goberbuak UGEParekin aitzinerat segituko duela uste dugu. Baina guk inoiz baino indar gehiago dugu eta antolatuago gaude. UGEPa onartzen baldin bada ere, lanean segituko dugu proiektua gelditzeko, inposatua delakoz eta ilegala dela uste dugulakoz. Politikariek nahi dutena egiten badute, herria antolatu egin beharko da bere burua defenditzeko.

Euskal Herrian horrelako proiektuak orokortzen ari dira?

Bai, eta neurri batean ulertzekoa da. Kristoren kontsumoa duen jendartean bizi gara, eta hori lehengaien esplotazioan oinarrituta dago. Orain arte bertze herrialde batzuetatik etorri dira, non triskantzak egiten zituzten gure kontsumoaren ondorioz, gu ohartu gabe. Hego Amerikan eta Afrikan proiektuen kontra daudenak hiltzen dituzte, eta multinazionalak neurri haundiagoan aberasten dira. Baina ikusten dugu poliki-poliki lehengaien eskuratze hori geroz eta hurbilago etorriko dela, eta gatazkak gugandik hurbilago izanen ditugu. Hemendik aitzinerat, horrelakoak segur aski maiz izanen dira. Nafarroan UGEPak ditugu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Tapia legea onartu dute, beraz, erreminta legalak eta administrazioa ere horretara bideratzen ari dira.

Zein da konponbidea?

Antolatzea, saretzea eta batez ere gizarte kapitalista eta kontsumistari alternatibak bilatzen hastea. Gure kontsumo eredua eta eredu ekonomikoa aldatzen ez badugu, gure ondorengoei ez diegu ez lurrik, ez lehengairik, ez etorkizunik utziko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun