Erdiz Bizirik plataformak deitutako manifestaldiak jendetza bildu zuen atzo Elizondoko karriketan. Antolatzaileek adierazi dutenez, 2.100 pertsona baino gehiago atera ziren karrikara Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen proiektuaren kontra. Baztango nekazariak eta behi, behor eta ardiak izan ziren manifestazioko buru, eta haien gibeletik ibili ziren herritarrak joaldunen erritmora. Herriari buelta emanda, plazan bildu ziren.
Bertan, Kattalin Arizmendiren eta Jon Maiordomoren musika aditzeko aukera izan zen. Haien ondotik Baztango nekazariak igan ziren eszenatokira, eta plataformako Nahia Bailonek eta Leire Arraztoak hartu zuten hitza. Gero Mikel Altzuart bertsolariak kantatu zuen eta azkenik Pottoka eta Iñigo Iturria izan ziren eszenatokian.
«Bizitzaren alde»
Plataformako kideek adierazi zutenez, «berriz ere argi erran nahi dugu herri honek ez duela onartuko ez multinazionalen, ez gobernu arrotzen agindurik. Ez digute erran behar ez Madrildik, ez Iruñetik gure herri lurrak nola kudeatu eta zaindu, gure ura eta airea nola garbi atxiki, ezta gure lanaren balioa zein den ere».
Nafarroako Gobernuaren «UGEParen inposizioa» eta «galdeketaren debekua» salatu zituzten, eta argi utzi zuten «nekazaritza estentsiboa, ingurumenaren zaintza eta turismo jasangarria ez direla bateragarriak Magnak egin nahi duen meategiarekin».
Gehitu zuten «proiektu hau ez dutela gauzatu Esteribarko lanpostuei balioa eman nahi dietelakoz. Azkenengo hamarkadetan maizegi ikusi dugu nola denen zergetatik hartutako diru publikoa multinazionalei oparitzen zaien; hortik hilabete gutira langile guziak kaleratu, eta lansari merkeagoak ordaintzeko bertze nonbaitera mugitzen diren bitartean. Adibide aunitz daude inguruan: Aceralia, Siemens Gamesa edota Magnak berak ere, zenbat bete gabeko promesa dituen Zubirin eta Sorian. Guk lanpostu duinak eta sostengarriak nahi ditugu denendako, Baztanen zein Esteribarren».
Honez gain, «ezezkoaren kanpaina egiten ari garela eta guziaren kontra gaudela» diotenei erantzun zieten; «gauza batzuen kontra gaude bai, eremu babestuak eta bazkalekuak xehatzearen kontra, ura eta airea kutsatzearen kontra, eta gure lurrak eta diru publikoa ebatsi nahi duten multinazional eta politikarien kontra. Batzuk dioten bezala, ez gaude beti kontra, Erdizen alde gaude, ur garbiaren alde, gure bizimoduaren eta kulturaren alde, nekazaritza, lanpostu eta turismo sostengarriaren alde eta bizitzaren alde!».
Enpresak «bere joko zelaian eta epaileak erosita» jokatu nahi duela salatu zuten; «hala ere, ez dugu etsiko, manipulatu ezin dituzten eremuak baitaude eta hor ere borrokatuko dugu irabazi arte. Urriaren 12 honetan inposizioaren bitartez herri hau isilarazi eta desagerrarazi nahi duten horiek memoria ariketa bat egitera gonbidatzen ditugu. Ez da egon inperio, erreinu, nazio-estatu edota teknokraziarik herri hau menperatzea eta isilaraztea lortu duenik, ezta lortuko duenik ere. Oztopo guzien gainetik kanporatu izan ditugu lehen eta kanporatuko ditugu orain!».
2007an bezala
Atzokoa ez zen plataformak egin zuen lehenbiziko mobilizazio jendetsua izan. Izan ere, 2007an ere 2.000 lagunetik goiti elkartu ziren Elizondon. Nekazari, herritar eta abereek karrikak bete zituzten meategiaren proiektuaren kontrako aldarriekin. Handik urte batera, Magnak proiektua bertan behera utzi zuen.