Asier Lizartza Espartza

«Elizondoko Konpartsak kristoren bizitasuna ekartzen dio herriari»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 23a, 12:00
Argazkia: Juan Mari Ondikol.

Duela 8 urte inguru sartu zen Asier Lizartza Espartza arizkundarra Elizondoko Konpartsan; «erraldoien topaketa bat egin zen eta laguntza eskatu zidaten karrikadantzetan erraldoiak eramateko. Probatu nuen, gustatu zitzaidan eta bertan dantzatzen eta ongi pasatzen segitzen dut geroztik». Aurten, gainera, badute zer ospatu, konpartsako erraldoi zaharrenek 75 urte bete baitituzte. Urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia prestatu dute Elizondoko pilotalekuan azaroaren 26an.

Nola sortu zen Elizondoko Konpartsa?

Lehenagotik Elizondoko Herriak buruhaundiak bazituen ere, duela 75 urte, 1947an, Juan Eraso alkateak erraldoien beharra sumatzen zuen, eta bi erraldoi ekartzea erabaki zuen.

Errege Katolikoak ekarri zituzten. Zergatik?

Ez omen zituzten Errege Katolikoak nahi, Elizondorekin eta Baztanekin zerikusia zuten bi pertsonaia baizik. Baina Elizondoko bestak gainean zirenez, fabrika batean enkargatu behar izan zituzten eta bi horiek ailegatu ziren. Erraldoien buruak, gorputzak eta eskuak Bartzelonako El Ingenio enpresatik ekarri zituzten eta gainerakoa bertan egin zen; egitura Jose Lasa zurginak eraiki zuen eta jantziak bertako mojek egin zituzten.

Konpartsa aunitz aldatu da ordutik?

Ez dakigu zehazki lehenbiziko ateraldia nolakoa izan zen, baina konpartsatik jende pila pasatu da geroztik eta horrek denbora tarte bakoitzari bere izaera ematen dio. Eta orain sei erraldoi ditugu, aldaketa nabaria!

Eta musika?

Musika mota ez da hainbertze aldatu, gaita eta txistua izan dira eta dira konpartsaren oinarria. Dantzak, behar bada, aldaketak izan dituzte urtetik urtera, segun eta nork asmatzen dituen…

«Urteekin bi erraldoi izatetik sei izatera pasatu gara»

Buruhaundiak ere aipatu dituzu, konpartsaren alde garrantzitsua aunitzendako…

Dokumentuen arabera erraldoien aitzinetik buruhaundiak zituzten, bai. Gaur egun sei dira; Loco, Moña moña, Demonio, Gemelo, Kaskarrabias eta Curro. 

Buruhaundi originalak dira?

Ez, lehenagokoak zaharkituak gelditu ziren, eta duela urte batzuk berriak egin zituzten, aitzinekoak oinarritzat hartuz eta diseinuak errespetatuz. Material berriagoak eta iraunkorrak erabili zituzten, euria jasateko, adibidez.

Zaharrak ez dira gehiago erabiltzen?

Arras hondatuak daude eta ezin dira erabili, bat izan ezik; kide batek kristoren kariñoa hartu zion eta bere kontu moldatu zuen buruhaundi zaharra. Oraindik ere ateratzen du.

Erraldoi kopurua ere haunditu egin da urteekin, ezta?

Bai, bi eskas ziren eta bertze bikote bat ekarri zen: Nafarroako erregea eta erregina, Amaiurko gaztelukoak. Gainera, duela ez hainbertze, konpartsako gaztetxoenei begira erraldoi bikote ttikiagoa ekarri zen.

Hala ere, hauek ez dira Elizondoko erraldoi bakarrak…

Konpartsako kide den Enaitz Goñik Bianca erraldoia erosi eta jendaurrean aurkeztu zuen abuztuan, baina partikularra da, ez konpartsarena.

Konpartsako kideak ere denborarekin aldatu izanen zarete, ez?

Jende aunitz pasatu da konpartsatik. Urte txarrak izan dira, jende kopuru aldetik arras justu ibili izan direnak, baina gaur egun 20 lagun inguru gara. Kopuru polita da, baina ateak irekiak daude nahi duten guziendako.

Noiz ateratzen zarete karriketara?

Elizondoko eta Txokotoko bestetan gehienbat, baita Bertanek antolatzen dituen egunetan ere. Gainera, tarteka ateraldiak egiten ditugu kanpoko herrietara.

Horretarako beharrezkoa izanen da entseatzea…

Bai, batez ere Elizondoko besten aitzinetik. Ekainean hasten gara normalki, eta Elizondoko kiroldegian elkartzen gara horretarako.

Urte berezia duzue aurten, 75. urteurrena. Nola ospatuko duzue?

75. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia eta polita prestatzen ari gara. Azaroaren 26an 18:30ean Elizondoko pilotalekuan eginen da.

«Gibeletik datozenek emanen diote segida konpartsari»

Zer ekartzen dio konpartsak herriari?

Nire ustez, kristoren bizitasuna ekartzen dio, karrikak alaitzen ditu eta besta giro ederra sortzen du musikarekin batera. Jendeak aunitz eskertzen duela erranen nuke, haur, gazte zein helduek.

Orain zein da zuen asmoa? 100 urte betetzea?

Doike! Guk utzi eta gibelekoek hartuko dute segida. 75 urte beteta, 25 gehiago ez zaizkit horrenbertze iruditzen.

Beraz, belaundaldi berriekin segida badu?

Bai, konpartsako kideen seme-alabak bertan aritzen dira eta segida emanen diote. Hala ere, etorri eta probatu nahi duena ongi etorria izanen da!

Zerbait gehitu nahi duzu?

Elizondoko Konpartsa sare sozialetan ere dagoela, Facebooken eta Instagramen.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun