Iruritako frontoian hainbat herritar elkartu ziren atzo, «gure herri lurrak kudeatzen dituen Baztango ordenantzen gainetik pasatuz, herrietako alkateei herri galdeketa egiteko debekua ailegatu zaielako».
Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkariak «baztandarrek zer egiten ahal dugun eta zer ez» erabaki duela salatu dute; «debeku horrekin ezin dugu Erdizko meategiari buruzko iritzia eman, ezin dugu gure etorkizuna baldintzatuko duen bertze makro-proiektu honen gain zer pentsatzen dugun erran. Herritarren iritziaren beldur dira, gure eskubideak zapaldu dituzte eta haserre gaude».
Galdeketaren debekua Magna enpresak «Nafarroako politikan duen boterearen erakustaldia» dela adierazi zuten, «Navarra Sumarekin eta PSNrekin eskutik doana». Iruñetik eta Madrildik «gure bizimodua eta etorkizuna erabaki nahi dutela» salatu zuten, eta «Olave parlamentariak ordenantzen zilegitasuna zalantzen paratzen duen galderarekin abiatu duela gure kontrako erasoen mekanismoa».
Horregatik, «herritarren izenean» babesa eman nahi diete alkateei, balorean utziz «elkarrekin eta batera joateko egin duten ahalmena». Galdeketak debekatzea «bidegabekeria arras larria» dela salatu zuten alkateek, eta herritarrek bat egin dute salaketarekin.
Hori dela eta, «heldu den igandean deitu dituzten batzarretan parte hartzera» animatu dute jendea, baita egun berean 17:00etan Elizondon eginen den elkarretaratzera ere, «gure desadostasuna erakusteko».