Gaur arratsaldean Baztango herrietako alkateek agerraldia egin dute Iruritako Errebote Plazan. Imanol Etxeberriak, Arizkungo alkateak, komunikatu bat irakurri du alkate guztien izenean.
Alkateek «arras larritzat» jo dute herri-kontsultak debekatzea eta «sekulako bidegabekeria» dela salatu dute herritarren iritzia zein den ezagutzeko aukera kendu izana. Zentzu horretan, hainbat galdera paratu dituzte mahai gainean:
- Zer kalte egin dezake herritarren iritzia ezagutzeak?
- Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten?
- Zertarako balio dute Baztango ordenantzek?
- Non daude baztandarron eskubideak?
Alkateen iritzian orain «eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako parte-hartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen». Horregatik, «herrietako batzarrak demokraziaren sinbolotzat hartuta», azaroaren 20an batzarrak eginen dituzte herri guztietan eta, egun berean 17:00etan, elkarretaratzea antolatuko dute Elizondon.
Hortaz, «gertatutako bidegabekeria salatzeko, herritarrak animatu» nahi dituzte batzarretan eta elkarretaratzean parte hartzera, «iritzia ematean ez baita deliturik!».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!