Euskaraldia

Elizondon bihar egitekoa zen 'Hizkuntza aktibismoa' ahalduntze tailerra azaroaren 19an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 11:30

Gainera, Baztango mintzoari buruzko tailerra aurkeztuko du Paskual Rekalde amaiurtarrak azaroaren 9an, 23an eta 30ean Arizkunenean

Baztango Euskaraldiko Batzordeak bi hitzordu antolatu ditu Elizondoko Arizkunenea Kultur etxean azaroan, Euskaraldiaren atarian, «ariketa sozial kolektiboa girotzeko asmoz, eta herritarrak aktibatzeko eta parte hartzeko helburuarekin».

'Hizkuntza aktibismoa' ahalduntze tailerra, hasiera batean azaroaren 5ean egitekoa zena, hilaren 19an eginen dute, larunbatarekin, 09:30etik 13:30era. Herritar euskaldunak aktibatzeko tailerra izanen da, «euskaraz bizi nahi eta ahalegina egiten duten herritarrei tresna eraginkorra eskaintzeko» helburuarekin. Euskal Herrian Euskaraz plataformak emanen du.

Honez gain, Paskual Rekalde euskaltzain osoak 'Baztango mintzoa' tailerra emanen du azaroaren 9an, 23an eta 30ean, 18:00etatik 20:00etara kultur etxean. Lanketako lehenbiziko saioan testuingurua paratuko dute (Baztango mintzoa, euskara batua, euskalkiak…), eta bigarren eta hirugarren saioak praktikoak eta irekiak izanen dira, jendearen zalantzak argitzeko tartearekin.

Interesa dutenek euskara@baztan.eus helbidera idatzi beharko dute tailerretan izena emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun