Lehen fasea bukatuta, finalaurrekoen faseari ekin dio larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiak. 1.400 lagun bildu dira Baztan pilotalekuan. 17:00etan hasi da saioa. Amaia Castorene Luro gai-emailea buru zutela sartu dira sei bertsolariak: Unai Agirre Goia, Joanes Illarregi Marzol, Iñaki Apalategi Astigarraga, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste eta Onintza Enbeita Maguregi.
Ariketa guztiak egin ondotik, Alaia Martin izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria; bigarren itzulirako baliagarriak diren 729,5 puntu batu ditu. Ondotik gelditu dira Joanes Illarregi 711 punturekin, Agin Laburu 677 punturekin, Unai Agirre 652,5 punturekin, Onintza Enbeita 639,5 eta Iñaki Apalategi 623 punturekin. Larunbateko saioa irabazita, Alaia Martinek zuzenean lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Bertze bortz bertsolariek hurrengo saioen zain gelditu beharko dute aitzinera eginne duten edo ez jakiteko.
Fase honetan epaimahaia osatuko dutenak hauxek dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.
Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aitzineko fasetik. Lehen bezala, binaka aritu dira zortziko handian eta ttikian lehenik. Gero, berriz, puntuka egin dute zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso bota dituzte gero. Azkenean, ganbarako lana egin du seikoteak: «Eskua hartu dizu. Indartsuago sentitu zara».
Hurrengo finalaurrekoa, Donibane Garazin
Urriaren 29an izanen da hurrengo finalaurrekoa, hurrengo larunbatean, Donibane Garazin. Bertan kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.