Fase honetan, honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
- Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Fase honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.
Badatoz finalaurrekoak
Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Elizondoko ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak. Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.
Finalaurreko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean.